Ijitoen Kultur Astea egingo du gaurtik hasi eta ostiralera bitartean Kamelamos Adiquerar elkarteak Errenteria-Oreretan.
Ijitoen Kultur Astea aurkeztu dute.
Ijitoen Kultur Astea egingo du gaurtik hasi eta ostiralera bitartean Kamelamos Adiquerar elkarteak Errenteria-Oreretan. Honakoa, hamabosgarren ekitaldia izango du asteak, eta ibilbide luzearekin bere tokia hartu duela asteak nabarmendu du Jon Collar Kultura zinegotziak Kamelamos Adiquerar elkarteko presidente Carlos Jimenezekin gaur egin duen agerraldian.
Eskerrak eman dizkio Collarrek elkarteari egiten duen ekarpenagatik: “Zubi lana egiten dute beren errealitatea kontatzeko, beren kulturaren berri eman eta zabaltzeko”. Astearekin Ijito kultura sustatu nahi dutela esan du Jimenezek eta haien gainean sortutako estereotipoei aurre egin, “errealitatea kontatzeko. Ziurrenik oso ezberdina da gure kultura, baina ez da besteei kontrajarria, elkarrekin bizi gaitezke errespetuarekin”. Argi dio Kamelamos Adiquerar elkarteko kideak, “gure kultura ezagutzera eman nahi dugu, baina baita beste kulturak ezagutu ere”.
Kultur aberastasuna nabarmendu du horren harira Collarrek, eta nabarmendu du Errenteria-Oreretan 80 komunitate direla, “elkarrekin bizi gara jatorri eta kultura ezberdinetakoak, kultur anitza da gure herria”.
Udalerrian 150 ijito bizi direla esan du Jimenezek, Gipuzkoan, 3.000 dira.
Jimenezek eta Collarrek herritar guztiak animatu dituzte astearen barruan antolatutako ekitaldietan parte hartzera. Gaur bertan hasi dute astea ijito kafearekin. Kafearekin batera, pintxoak eta ardoa ere banatu dituzte Kamelamos Adiquerar elkarteko kideek Xabier Olaskoaga plazan, eta bat baino gehiago hurbildu da haiek dastatzera.
Arratsaldean berriz, Montxo Jimenezen VII. Memoriala Esku Pilota Torneoa jokatzen hasiko dira Agustina Otaola frontoian 19:00etatik 20:00etara. Hitzaldia, perkusio tailerra eta flamenko piano kontzertuarekin osatu dute astea, Ijitoen errealitatea lehenengo eskutik ezagutu nahi duen ororentzat.
Egitaraua
- Gaur, astelehena: Montxo Jimenezen VII Memoriala Esku Pilota Torneoa, Agustina Otaola frontoian 19:00etatik 20:00etara.
- Bihar, asteartea: Ijito Jendea ezagutzen, Markola Ludotekan 18:00etatik 19:00etara.
- Etzi, asteazkena: Perkusio tailerra Gabierrotako Gaztelekuan, 18:00etatik 19:00etara; Montxo Jimenezen VII Memoriala Esku Pilota Torneoa, Agustina Otaola frontoian 20:00etatik 21:00etara.
- Osteguna, 19: Flamenko piano kontzertua Israel Amadorrekin Niessen kulturgunean, 18:30etik 19:30era.
- Ostirala, 20: Montxo Jimenezen VII Memoriala Esku Pilota Torneoa, Agustina Otaola frontoian 19:00etatik 20:00etara. Torneoa bukatzean pate hartzaile guztiei sariak banatuko zaizkie.