Gaur aurkeztu dute Jose Manuel Azkue Memoriala. Tartean zen Azkueren alarguna.
Jose Manuel Azkue Memorialaren laugarren ekitaldia egingo dute datorren igandean, Done Eztebe parrokian. Aurrekoak 2008an, 2009an eta iaz egin zituzten, Oiartzungo Organozaleak elkarteak antolatuta.
Azkueren omenezko kontzertuak organoa bera eta gaitak nahastuko ditu. Loic Mallie Musikeneko irakasleak joko du Cavaille-Coll organo berezia. Iruñeko Gaiteroak taldeko Martin Aristimuño eta Jose Luis Frailek izango dute beste instrumentua jotzeko ardura. Kontzertua 18:00etan hasiko da, eta egitaraua osatzen duten hamabi lanak jotzeko ordubete pasatxo beharko dutela iragarri dute.
Gaur aurkeztu dute Jose Manuel Azkue Memoriala. Juan Mari Beltranek bi aspektu nabarmendu ditu. Alde batetik, Julian Romanok sortutako errepertorioko hiru pieza joko dituztela. Bestetik, Elena Frailek organo eta gaitarako propio konposatutako
Margaritae Reginae Navarrensis lana. Kontzertuaren egitarau osoa ikusteko,
sakatu esteka.
Kontzertuaren aurretik, 17:15ean, mahai ingurua egingo dute. Honako gaiak izango dituzte hizpide: Azkue bera, Oiartzungo organoa eta kontzertuan joko dituzten piezak. Musikariez gain, Joseba Zabaletak Oiartzungo Organozaleak-eko kideak ere parte hartuko du.
Azkue
Jose Manuel Azkue 1927an jaio zen, Killirikupe gaineko Aginalgalde-Etxean. Sei urterekin eman zuen izena Donostiako Musika Kontserbatorioan. 11 urterekin Alesbesera (Nafarroa) joan zen fraide ikasketak egitera, eta urtebete beranduago hasi zen mezetan jotzen. Hainbat urtez komentuz komentu ibili zen, organista moduan.
Hogei urterekin apaiz izateko erabaki behar zuenean, atzera egin zuen. Irunen eta Donostian ibili zen organista moduan. 1954an AEBtara joan zen, eta bi hamarkada eman zituen bertan, organoa ogibide izaten.
1975ean Euskal Herrira bueltatu zen, Donostiako Koruko Andre Mariaren parrokian organista postua lortuta. Donostian eta mundu guztian zehar eman zituen kontzertuak. 2008an hil zen.