Aingeru Oiartzabal psikologoak gidatuko du; azalpenak emateaz gain, zalantzak argitzen saiatuko da
Dolu prozesua denek pasa duten zerbait da. Emozio karrusela kudeatzea ez da batere erraza izaten. Aingeru Oiartzabal psikologo oiartzuarra doluan espezializatuta dago, eta gaia aztertuko du datorren astelehenean, hilak 30.
“Hitzaldia zentratuta egongo da galera baten inguruan, maite dugun pertsona baten, familiako kide baten edo dena delako bat hitzen denean”, jakinarazi du Oiartzabalek. Horrela, dolu osasuntsuak eramatea, doluaren dimentsioak eta doluaren aurrean hartu beharreko jokabidea azalduko ditu. Askotan dolua saminarekin bakarrik lotzen da, baina esan duenez, oroitzapen onak izan eta ongi sentiaraztea ere aukeretako bat da.
Gazteekin lanean aritzen da Oiartzabal, eta adibide bat jarri du: “Gazteek, gurasoak eta aiton-amonak hil zaizkienean, poema edo bertso batekin gogorarazten dituzte, eta oso harro daude eskaini dioten horrekin. Lotzen dugu dena nostalgia eta negatiboarekin, eta ez du hala izan behar”.
Gaineratu duenez, dolu prozesuak pasatzen ari direnak oso blokeatuta egoten dira, eta pixkanaka egunerokotasunari aurre egin behar zaiola ohartarazi du. “Gure barruan duguna sentitzen uzten, azaleratzen eta forma ematen joan behar da”, esan du. Hori guztia —eta gehiago— sakonago azalduko du astelehenean, eta joaten direnek izaten dituzten kezkei eta galderei erantzuten saiatuko dela.
Hitzaldia Manuel Lekuona bibliotekan izango da, 19:00etan hasita.