Tio Teronen Semeak dantza taldeak bi urte eman ditu Euskal Herriko plazak dantza eta barrez lehertzen, ‘Freshcool’ ikuskizun arrakastatsuarekin. Taldearen lehen muntaia da.
Dantza eta umorea baliatuz, hamarnaka herriko plaza bete dituzte; argazkian, Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan eskainitako saioa.
Badira bi urte Oarsoaldea zein Donostialdeko dantzari lagun talde baten ikuskizuna birala egin zenetik. 2015ean, Donostiako Konstituzio plazan, Freshcool ikuskizun berritzailea aurkeztu zuten Tio Teronen Semeak dantza taldeko kideek. Egun gutxira, sareetara igotako bideoak milaka eta milaka bisita jaso zituen. Orduan, ez zuten sinistu ere egingo Donostiako agertoki horretan dantzatutako ikuskizunak sekulako arrakasta izango zuenik, ezta gutxiago ere, Euskal Herriko plazak jendez lehertuko zituztenik.
Dantza talde berezi honen ibilaldia 2015ean hasi zen, batez ere Oarsoaldea eta Donostiako hemeretzi lagun elkartzen hasi zirenean —hamabost dantzari eta lau musikari– «Edozein dantza taldetan txiste eta egoera barregarriak sortzen dira, eta umorearen inguruko zerbait egin behar genuela pentsatzen hasi ginen», zehaztu du Tio Teronen Semeak taldearen zuzendari Aritz Salamancak. Dantza tradizionala ohiko agertokitik atera eta kalera eraman nahi izan zuten, kaleko girora. Agertokietako seriotasunetik harago, bestelako estilotako pausoak gehitzen hasi ziren euren dantza tradizionaleko errepertoriora.
Horrela, egoera barregarri horiek grabatzen hasi eta euskal dantza eta umorea batuko zituen Freshcool ikuskizun berritzailean buru-belarri jarri ziren lanean. Hasiera batean, Donostiako Olatu Talka iniziatibarako soilik prestatu arren, izandako harrerak eta dozenaka herritatik jasotako deiek ibilbidea jarraitzera behartu zituen. Egun, laurogei ikuskizunera iritsi dira, eta urtea amaitu bitarte ehun ingurura heltzea espero dute.
Tradizioa eta umorea
Salamancak argitu bezala, Freshcool kontzeptua ingelesezko fresh eta cool hitzen arteko batura da: «Fresh freskoa delako, eta cool atsegina delako. Gainera, free eta school-en arteko hitz- jokoa ere islatu nahi izan dugu, eskola askea, loturarik gabekoa plazaratzeko», zehaztu du.
Zein da Freshcool ikuskizun berritzailearen sekretua? Lehenik, lehen mailako euskal dantzaz gozatzeko aukera emateaz gain, taldean, barrez lehertzeko aukera ematen duela. Gainera, tradizioa eta modernitatea ikuskizun berean eskaintzeak, adin tarte handi batengana iristeko aukerak zabaltzen ditu.
Freshcool-ek Euskal Herriko ohiko kuadrilla batek kalean bizitako tira-birak kontatzen ditu. Horretarako, kuadrilla irudikatuz, herriko plazan, arratsalde-gaua pasatzera elkartzen dira, poteo klasikoari hasiera emateko. Dantzariak alkandora koadrodunez janzten dira, kuadrilla euskaldunetan ohikoak diren txikiteroen antzera. Pertsonaia bakoitzak izaera propioa du, eta lagunen arteko leialtasuna, tira-birak edota istorioak islatzen dituzte, umorea nagusi dela.
Ohiko agurrarekin hasten dute emanaldia, baina formatu oso berezian: txistu originala beharrean, klarinetea edota saxofoiak gidatuta dantzatzen dute. Are gehiago, egungo tabernetan ordu txikitan entzun daitezkeen abesti modernoak dantzatzen dituzte, nola ez, euskal dantza tradizionalaren pausoekin. Eta horrela, txistuarekin Raphaelen Mi gran noche, eta bestelako instrumentu modernoekin Agurra jo eta dantzatzen dituzte. Ikuskizunean zehar, Agurraz gain, Baso dantza edota zortzikoak ikus daitezke, besteak beste. «Bestelako dantzak ere gustatzen zaizkigu, tartean praktikatu egiten ditugulako», gehitu du lezoarrak. Esaterako, break dancearen pausoak erabiliz, betiko dantza tradizional bat irudikatzen dute.
Gutxi balitz, bertsolaritzarentzat ere tartea uzten dute ikuskizunean. Hasieran, erdialdean eta bukaeran. Hiru bertso saio motz eskaintzen dituzte dantzariek, ikuskizunaren narratzaile gisa, gertaeren nondik-norakoak azaltzeko. Beti euskaraz egin arren, batzuetan, gaztelaniaz edota katalanez ere bertsoak bota ohi dituzte. Tartean ere, zaldi baten maskararekin dantzari bat ikus daiteke herriko plazetan dantzatzen. Horri buruz lezoarrari galdetu, eta barrez, «guk ez dugu ezer ikusi» erantzun du.
2015ean estreinatu zutenetik, Euskal Herriko hamarnaka udalerritako plazetan izan dira Tio Teronen Semeak. Espainiako Estaturaino (Salamanca, Burgos, Madril, Granada), eta Kataluniaraino, (Manresa, Mataro), iritsi da Freschcool ikuskizunaren oihartzuna azken bi urteotan. Oraindik, herri ugaritik deiak jasotzen ari direla pozez onartu du Salamancak.
Harrera «sekulakoa, izugarrizkoa» izan da Tio Teronen Semeentzat. «Ez dugu plaza bat hutsik ikusi. Emanaldia bukatu bezain laster, publikotik gerturatu eta euren herritara eramateko eskatzen digute. Ikuskizunero, astebururo, publikoa gustura dagoela ikusi dugu, jendeak asko eskertzen duelako umorea dantzaren bitartez eskaintzea».
2017aren amaiera «inflexio puntu bat» izango da terondarrentzat. Dantzariek ez dute ezer behartu nahi, baina hurrengo urteari begira aukera guztiak zabalik dituztela onartu du Salamancak: «Ez dugu inolaz ere talde bezala jarraitzea baztertzen, oso gustura gaudelako».
Datozen asteetan —egin duten ibilbidea eta herritarrekin lortu duten afinitatea ikusita, ziur, datozen hilabeteetan— Euskal Herriko beste hamaika herritan izango dira Tio Teronen Semeak, azken bi urteetan bezala, herriko plazak jendez eta barrez gainezka lehertzen. Oraindik Freshcool berritzailea ikusi ez dutenak, jalgi daitezela plazara, seguru, koadrodun alkandorako kuadrilla berezia gertu ibiliko dela.
Ikuskizun batek inprobisaziorako tartea uzten duenean
Tio Teronen Semeak, batez ere, Oarsoaldeko lagunez osatutako dantza taldea da. Gertuko beste udalerrietako dantzariak badiren arren, Aritz Salamanca dantzariak zehaztu du gehienak Lezo, Oiartzun eta Donostiakoak direla.
Freshcool ikuskizunarekin gertuko herri guztien plazak jendez lepo bete dituzte azken bi urteotan. Ikuskizuna, hasieratik bukaera bitarte estrukturatua izan arren, inprobisazioak pisu handia du emanaldian. Eskaintzen duten umoreak publikoarekin elkar eragiteko aukera ematen die dantzariei, eta horrela, gidoitik atera, eta eurekin dantzatu, edo zuzenean Agurra dantzatzera ateratzen dituzte.
Bertsoekin ikuskizunaren berri ematen dute.
«Publikotik denetarik ateratzen dugu: haurrak, gazteak, helduak… Norbait dantzatzera animatzen bada, aurrera! Pozez dantzatuko dugu beraiekin», zehaztu du lezoarrak. «Publikoak egiten duenaren arabera, plazaren giroaren arabera, edota eguraldiaren arabera, emanaldi ezberdina egiteko aukera dugu», gehitu du.
Publikoak esandakoarekin ere jokatzen dute dantzariek. Emanaldian zehar, ikusleetatik esaldiren bat dantzarien belarrietara iristen bada, erabili eta ikuskizunean txertatuko dute. Salamanca: «Beti emanaldi berdina da, baina ñabardura ezberdinekin».
Ikuskizun horietan guztietan, interakzioa tartean, egoera bereziak nonahi gertatzen dira. «Ia emanaldiro zerbait gertatzen da», dio Salamancak. Esaterako, ekitaldien ostean, ikusle batek garagardoa edota ardoa lurrean utzi eta tabernan bertan Baso dantza errepikatzeko «mila alditan» eskatu diete. Ikusleek beti tonu positiboa erabiltzen dutela nabarmendu du dantzariak, ikusleak eurekin gustura daudenaren adierazle.
Euskal Herritik kanpo ere bitxikeriak bizi izan dituzte dantzariek. Granadan, sekulako harrera espero gabe, aurretik dantza taldearen zale zen neska gazte batek hirurogei pertsonatik gorako taldea elkartu zuen hiriko plazan, espresuki, Tio Teronen Semeak-en Freshcool ikuskizunaz gozatzeko.
Tio Teronen Alabak
Tio Teronen Semeak dantza taldean gizonak dira nagusi —emakume bat dago soilik, musikaria da—. «Lagun arteko proiektua da, eta kasualitatez, mutilak gara gehienak», azaldu du Salamancak. Orain arte Euskal Herrian sortu diren dantza talde gehienetan emakumeak nagusi direla zehaztu du, eta kasualitatez, gizonezko talde bat osatu dutela.
«Semeak horrek ez du esan nahi soilik semeak izan behar garenik. Etorkizunari begira taldera neskak gehitzea primeran ikusten dugu», aitortu du lezoarrak. Ez diote inori aterik itxi nahi. Hurrengo hilabete edo urteetan, nork daki, Tio Teronen Seme-Alabak ikusiko ditugu Euskal Herriko plazetan, beste behin, herritarren irribarrea ateratzen. Dantza tradizionaletik asko duelako taldeak, baina umorerik gabe ezingo litzateke ulertu egiten dutena.
Joko fonetiko baten semeak
Jauzi eta pauso ikusgarriak egiten dituzte.
Tio teron, toreron terin teron terireron, torerireron teron… Euskal dantza tradizionalean noizbait aritu direnek berehala antzemango dute esaldi horren esanahia eta jatorria zein den. Musikari talde baten ezean, horrela entzungo litzateke Agurra dantzaren doinua pertsona baten ahotik. Gipuzkoan eta Oarsoaldean batez ere, oso ohikoa da fonetika erabiltzea edonolako euskal dantzak abesteko, beti ezinezkoa baita musikari talde bat aldamenean izatea.
Hortik dator Tio Teronen Semeak dantza taldearen izen bitxia, agurraren lehen esaldi horretatik, joko horretatik. Aritz Salamanca dantza taldeko zuzendariarentzat, hiru puntu edo elementu islatzen ditu kontzeptuak: produktu euskalduna dela, dantzarekin harremana duela, eta umorezkoa dela (hitz-jokoak ematen duen itxuragatik).