Albaolak bere jarduna erakutsiko du Ergoienen; haurrek itsasontzi txikiak egiteko aukera izango dute
Albaola itsas faktorian lan nola egiten duten erakutsiko dute.
Albaola itsas faktoria Pasaiatik Oiartzunera lekualdatuko da. Ez betirako, baizik eta bihar arratsalderako. Pasaiako Badiako bokaleko jarduna Ergoien auzora eramango dute.
Horrela, Albaolak Soinuenean erakustaldia egingo du. Itsasontzigintzak mendi eta basoekin zerikusia duela erakutsi nahi dute, ontziak egiteko behar diren egurra bertatik ateratzen zelako. Horrekin, itsasoaren ondarearen garrantzia nabarmendu nahi dute.
16:00etan hasiko dira erakustaldiarekin. Arotzek San Juan baleontziko piezak nola egiten dituzten erakutsiko dute jendaurrean. Saioa interaktiboa izango da. Izan ere, haurrek itsasontzien egurrezko erreplikak egiten ikasiko dute. “Materialaren garrantziaz jabetuko dira, eta itsasontzien atalak modu dibertigarri batean landuko dituzte”, adierazi dute antolatzaileek.