Gau Beltza laugarrenez ospatuko dute gaur arratsean, Abaraxkak antolatuta, eta herriko eragileen kolaborazioarekin
Arimen Gaua zena berreskuratu du Abaraxkak.
Laugarren urtez jarraian, Abaraxka Udal Ludotekak Gau Beltza antolatu du. Garai batean Oiartzungo baserrietan ospatzen zen festa berreskuratzeko asmoarekin hasi ziren ospatzen, eta egonkortzen ari da.
Eguzki izpiak sartzen hasi eta ordu eta erdira jarri dute zita. Ludotekan elkartuko dira, etxeko arropa zaharrekin mozorrotuta, eta gau iluna argitzeko sua piztuko dute. Afari-merienda egingo dute, bakoitzak bere etxetik ekarritakoarekin.
Gosea berdinduta, sorpresaz betetako ibilbidea hasiko dute, kaskoko kaleetan zehar. Herriko antzerki taldeetako kideek parte hartuko dute ibilbidean, Goiatz Labandibarrek idatzitako gidoia jarraituz. Herriko plazan bukatuko dute Gau Beltza, Suzko Akerrarekin.
Antolatzaileek gogorarazi dutenez, etxeko arropa zaharrak janztea aholkatu dute. Izan ere, festa honen helburuetako bat da erakustea kontsumismotik at gaurko gaua ospatu daitekeela.
Bestalde, ludoteka gaur arratsaldean itxita egongo dela jakinarazi dute.