Erriberako euskalgintzari arnas
Errigorak udazkeneko kanpaina abiatu du bosgarrenez. Erriberako euskalgintzari hauspoa eman nahi dio, Nafarroa hegoaldeko nekazal ekoizpenen gainbeherari erantzutearekin batera.
Saldutako kutxa bakoitzaren %25a euskalgintzara bideratzen dute Oarso eta Bidasoko herrietan 1.000 kutxa saldu zituzten joan den urteanHerrilana du leloa aurtengo udazkeneko kanpainak, baina zubigintzari garrantzi handia eman diote. Zubigintza, ikasturtean etengabean errepikatuko den ideia izango dela azaldu du Errigoraren ordezkariak: «Martxoko Eskutik eskura kanpainan ere zubigintzaz arituko gara. Uste dugu Errigora sortu zenetik hona, etengabe zubiak eraikitzen ibili den iniziatiba dela, zubiak eraikitzeak, azkenean, komunitatea ahaldundu eta indartua osatzeko aukera ematen duelako, ezberdinen arteko bide komun bat egitea ahalbidetzen duelako finean, eta hori delako gakoa: zubiak eraikiz ahalduntzen joatea, eta beharrezkoak diren egoera berriak irabazten joatea». Lanerako prest Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainaren bosgarren aldia da Errigorak abiatu duena, eta joan den urtekoan, 14.000 saski banatu eta 175.000 euro lortu zituen Nafarroako hegoaldeko euskalgintzarako. Aurreko lau aldiak batuta, berriz, 600.000 eurotik gora bideratu ditu. Ekoizpen enpresei dagokienean, birekin hasi ziren, eta egun 25 enpresa ari dira iniziatiba produktuz hornitzen. Zenbaki eta uzta dantza horretan parte dute Oarsoaldeko eta Bidasoko herriek. Ekarpena egin nahi dute eta buru-belarri ari dira lanean. Lezoko sustatzaile da Edurne Lizarazu. Oroitzene AEKn irakasle da eta hasieratik ari dira Errigorarekin elkarlanean. «Lezon, Pasaia-Lezo Lizeoak eta Oroitzene AEK-k daukate sare handiena, baina Herri Eskolako guraso elkarteak, udal langileek, eta Tiñeluk nahiz Txerrimuñok ere eskatzen dituzte saskiak». Iaz 30 bat saski saldu zituzten, eta kopuru hori, ahal dela, aurten gaindituko dutela uste du. Errigorarekin bat egitea «naturala» da Lizarazurentzat: «Errigora gu ere bagara, Erriberako euskalgintzak eta nekazaritzak laguntza eskatu diote Euskal Herri osoari, eta Nafarroako hegoaldeko hizkuntzarekin eta nekazaritzarekin bat egin dugu. Beraiek lagunduta, geure buruari laguntzen diogu herri euskaldunagoa eta jasangarriagoa izaten». Saskia erostera deitu ditu Lizarazuk lezoarrak: «Ahal dela bi, zuri bat eta beltz bat. Erriberako ekoizle txikien urteko ekoizpenaren portzentaje garrantzitsua erosten dugulako, Erriberako euskalgintzan jende askok urteetan egindako lanari ekarpen ekonomiko garrantzitsua delako, eta kalitate handiko produktuak direlako». Pasaian ere lanean ari dira, auzolanean, Errigorarekin. Basari elkarteko Eba Ortegak 2014an hartu zuen lekukoa, baina hasieratik ari dira Pasaian ere: «Gure produktuei ez zaielako irteera duina ematen, eta euskara bera ere ez dagoelako bermatuta gure herrian erabaki genuen bat egitea Errigorarekin. Auzolana, edo herri lana, ezinbestekoa da gu burujabe izateko». 51 kutxa saldu zituzten Pasaian, Antxoko Basari elkartean, Jaizkibel elkartean eta Leunda tabernan; Pasaiako Udaleko Kultura sailean eta Donibaneko Bixi-Bixi elkartean. Txirrita AEKn eta Pasaia-Lezo Lizeoan ere eskaerak bideratzen dituztela azaldu du Ortegak, «aurten Antxoko Dani tabernan ere eskaera egiteko aukera izango da». %25a euskalgintzara Salmentaren %25a Nafarroako hegoaldeko euskalgintzari bideratuta egotea, kanpainarekin bat egin eta erosteko nahikoa arrazoia dela esan du pasaitarrak, «bertako ekoizleek beren produktuei irtenbide duina ematen diete, gainera». Irundarra da Dornaku Lantz, Labore Txingudiko kidea. Lehenengoz egingo dute bat Errigorarekin, aurten zabaldu dituelako ateak, martxoan zehazki. Hartu-emana aspaldikoa dela dio Lantzek, hala ere: «Beraiek zein produktu dituzten jakiteko harremanetan jarri ginen Labore Txingudin eskaintzeko, nahikoa naturala da, beraz, gure arteko harremana». Zabalpena dela beren lana esan du Lantzek, «Errigoraren filosofia ahalik eta gehien zabaltzea, zer den eta zein helburu dituen jendarteratzea. Horrekin batera, azpiegitura aukerak eskaintzea saskiak banatu ahal izateko». Kutxak erostera deitu du Lantzek ere, «produktuak gozatzeko, eta ekarpena egiteko. Bertako ekoizpena eta euskara sustatzeko modua da». Hasieratik ari da Errigoraren kanpainak sustatzen Txus Alfonso errenteriarra. 2012an beste lagun batekin batera Orereta Ikastolaren sarreran eman zituen Gabonak, orduan arrain kutxetan heldutako Errigoraren produktuak saltzen. 35 kutxa saldu zituzten lehen urte hartan. Iaz, ia hamar aldiz biderkatu zuten Errenteria-Oreretan iniziatibaren sustatzaileek saldutako kutxa kopurua: 301 guztira. Alfonso kide den Saretuz sarea, Xenpelar AEK eta Orereta Ikastola arduratzen dira Errigoraren kanpaina sustatzeaz. Emaitza onak, lanketa handia duela atzean azaldu du: «Urtetik urtera ugaritu egin da, eta horretarako metodologia ezberdinak erabili ditugu sarea egiteko. Eragile ezberdinengana jo dugu, ez gaude beraiek etorri zain, haiekin harremanetan jarri eta elkarlana proposatu diegu. Horrek konstantzia eta lan handia suposatu digu». Kontzeptu bat aipatu du errenteriarrak, «fitxa mugitzea», eta emaitzekin lotu du: «Fitxa mugitzeak emaitzetan aldea lortzea da, ugaritzea. Ez gara konformatzen ahal duguna saltzearekin, lan egiten dugu ahalik eta jende gehienarengana heltzeko, datuak hobetzeko eta ahalik eta gehien saltzeko. Hobekuntza etengabea planteatzen dugu». Hurbiltasunari garrantzia Hurbiltasunari ere eman dio garrantzia, «giltzarria» dela dio halako iniziatibek arrakasta izan dezaten, eta horren harira, Errigorarekin elkarlanean hasi zirenean Lodosako ikastolako zuzendariak eta hainbat gurasok hitzaldia eman zuten Errenterian: «Harreman zuzena bilatu dugu proiektuarekin eta horrek, jendea gehiago inplikatzea ekarri du». Errigora gehiago behar direla dio, «Euskal Herriko herrialdeen arteko antolaketarako eta identitate kontzeptua lortzeko azken sei urteetan egin den iniziatibarik onenetakoa iruditzen zaigu. Herri honen etorkizunerako giltzarrietako bat Errigora gehiago antolatzea da». Bide handia egiteko Xabier Iragorri oiartzuarra ere hasieratik da Errigoraren sustatzaile: «2012an, Nafarroan egoera larrian zegoen Erriberako ikastolaren inguruan nolabaiteko erantzuna emateko beharra sentitu genuen». Betiko eskemari uko eginda, Nafarroako hegoaldeko produktuen aberastasuna baliatzea erabaki zutela dio, «produktu oso onak, baina ezezagunak zirenak ezagutaraztea erabaki genuen, eta komertzioetan plusbaliak izango zituzten produktuen prezioa auzolanean jaitsita, irabazien %25a euskalgintzara bideratzen hasi ginen, Erriberako ikastolara, bertako AEKra eta Sortzen Ikasbatuaz elkartera. Hasieran asmatu genuen eta urtez urte lana ondo eginda iritsi gara heldu garen lekura». 300 kutxa saldu zituzten iaz Oiartzunen, internet bidezko eskaerak kontuan hartu gabe, «1.000 kaxa Oarsoaldea eta Bidasoko herrietan. Euskal Herrian 14.000 saldu ziren, kopuru esanguratsua da, beraz». Zubigintzari aipamena egin dio Iragorrik: «Zubia egiten da zailtasunak gainditzeko, alde batera eta bestera joateko, elkar ezagutzeko. Zubiak esanahi handia du, eta Euskal Herrian bide handia dugu egiteko gure harremanak eta gure arteko ezagutza normalizatzeko. Erriberarekin gauza garrantzitsua gertatu da, elkar ezagutu dugu elkar hangoek eta hemengoek, eta harremanak sendotu. Beren beharrek eta gureek bat egin dute». Aurretik, Erribera ez zela oso ezaguna gaineratu du oiartzuarrak, «nahikoa urruti genuen, abestietan entzuten genuen, baina ez genuen gehiegi ezagutzen. Gaur egun gure herrien barne saretzea etorkizunerako bermea da beraientzat. Balio handiko iniziatiba da, normalizatzen ari garelako bertan euskaraz aritzea». Eremu zabalagora heldu nahi dute, «aukera hauek ezin ditugu utzi, asko suposatzen dutelako, eta euskara laguntzeko aukera txikiena ere ezin dugu galdu». BANAKETA PUNTUAK Errenteria-Orereta
- Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunea. On line eskaerak.
- Orereta Ikastola.
- Xenpelar Aek
- EKT Elkartea. On Line eskaerak.
- Irungo AEK.
- Labore Txingudi.
- Oroitzene AEK.
- Labore Oarso. On line eskaerak.
- RElizalde Herri Eskola.
- Elorsoro Kiroldegia.
- Intxixu AEK.
- Oiartzungo Udala.
- Basari Elkartea.
- Pasaia Lezo Lizeoa.
- Txirrita AEK.