Bosgarren aldiz jarraian irabazi du txapelketa; Koldobika Jauregiren oroigarria laga dio udalari, ohitura berrituz

Ekitaldi xumea izan zen atzo arratsekoa.
Pasa den irailaren 30ean, Gipuzkoako Aurresku eta Soinu Zahar Txapelketak jokatu zituzten Pasaian. Bosgarren urtez jarraian,
Izar Etxeberria oiartzuarrak irabazi zuen. Hainbat sari jaso zituen, horien artean Koldobika Jauregi eskultorearen
Enborra tenteka oroigarria. Txapelketan gailentzen den dantzariak bere herriari eskaini behar dio garaikur hori, eta urtebetez mantentzen dute udaletxean.
Etxeberriak atzo arratsean eskaini zuen trofeoa, udaletxean. Josune Cousillas Kultura zinegotziak jaso zuen, Oiartzungo Udalaren izenean. Cousillasek orain arteko bidean jarraitzeko animatu zion, eta datorren urtean ekitaldia berriro egingo balitz, bera pozik egongo litzatekeela adierazi zuen. Hori bai, ez zion presiorik sartu nahi izan.
Dantzari berak txapelketa hiru aldiz irabazten badu, herriko udalak jabetzan gordetzen du eskultura. Oiartzungo Udalak Etxeberriari ematea erabaki zuen, berea baita meritua.