Urtetako prozesuaren ondoren, ostiralean jaso zuten akreditazioa, Horreum Fundazioaren eskutik
Haurtzaro Ikastolako lehendakari kargua bete dutenak, ziurtagiriarekin.
Urtetako prozesuaren ondoren, Haurtzaro Ikastolak Kalitate Egitasmo Integrala (KEI) akreditazioa jaso du. Pasa den ostiral arratsean jaso zuten, udaletxeko pleno aretoan egindako ekitaldian. Lepo bete zen aretoa, ekitaldia hurbiletik jarraitzeko.
Asier Bergaretxe ikastolako lehendakariak Horreum Fundazioko Aurelio Vilaren eskuetatik jaso zuen akreditazioa. “Guztion inplikazioa funtsezkoa izan da lortutakoa eskuratzeko”, adierazi zuen Bergaretxek.
Vilak, bere aldetik, kalitate sari hori mundu mailako irizpideen arabera ematen dela jakinarazi zuen. Urtetako bidea izanik, Haurtzarok izandako adorea eta kemena nabarmendu zituen Vilak.
KEI akreditazioa ez da Haurtzarok jaso duen aintzatespen bakarra izan. Heldutasun Teknologikoan erdi mailako akreditazioa eta eta Agenda21eko aintzatespena ere jaso ditu.
Zazpi lehendakari
Ekitaldia Arkaitz Miner biolinistaren musikarekin hasi zen, eta dantzan aritu ziren Udane Eskudero, Aritz Salamanca, Ekaini Susperregi eta Aiora Etxebeste.
Gainera, ikastolako zazpi lehendakarik parte hartu zuten. Egungoaz gain, Roman Irigoien, Jon Iñarra, Martxel Ansa, Angel Bergaretxe, Arantza Manterola eta Iñaki Irastortza.
Neguko Jaia
Haurtzaro Mendi Taldeak Negu Jaia egingo du datorren igandean, hilak 19. Ergoien eta Karrika zeharkatuko dituzte.
Artaso elkartetik abiatuko dira, 09:00etan. Ondoren ibilbide hau egingo dute: Karrikako plazatik barrena, Ergoien alderantz joko dute, pistatik. Gaintzabal pasa ondoren, Pulliegiko ur-depositora iritsiko dira. Handik, Pagolarrera (331 m) igoko dira. Ur-biltegira itzuli ondoren, Epeleko gainaldetik, bigarren gailurra egingo dute: Maimotz (470 m). Handik Pilotasorora joan eta bertan, Xorrolako bidetik, Karrikara itzuliko dira bazkaltzera.