Lehentasunak ezarri beharra ezinbestekotzat jo du Eguzkik baliabide ekonomikoak modu "eraginkorrean" eta "justuan" erabiltzeko.
Kolektore berria egiteko lanen eremua.
Iztietan
kolektore berria egiteko lanak direla eta, eraginkortasun eskatu du Eguzki talde ekologista eta antinuklearrak. Saneamendu arloan egiten den edozein obra positibotzat jota, “horrelako lanek gizartean eta naturan duten eragina positiboa delako”, lehentasunak ezarri beharra ezinbestekotzat jo du baliabide ekonomikoak modu “eraginkorrean” eta “justuan” erabiltzeko , “erakunde publikoek saneamendura baliabide ekonomiko gehiago bideratzea erabakitzen ez duten bitartean, ezinbestekoa den azpiegitura honetara bideratzen duten dirua eskasa da, beste azpiegitura batzuetara bideratzen dutenarekin alderatuta, AHTa edo errepideak, kasu”.
Iztietako kolektorea eta saneamendua baino beharrezkoagoak diren obrak badirela esan du talde ekologistak, eta Donibaneko saneamendua jarri du lehen lerroan: “Gaur egun egin gabe dago azken hori 2007-2011n jasota dagoen arren”. Europako Direktiba batek 2012 urtetik eremu hori gune sentibera izendatuta badu ere, Donibaneko ur zikinak badian isurtzen direla gaineratu du Eguzkik eta kezkatuta azaldu administrazio publikoek “daramaten atzerapen handiarekin”. Harago, Iztietako obren hitzarmena lorpen gisa saldu nahi duten porrota da talde ekologistaren iritziz: “Zerk du lehentasuna, kolektorerik ez dagoen eta ur zikinak gune sentibera batean isurtzen diren lekuan kolektore bat jartzea, edo egun dagoen kolektore bat berritzea?”.
Saneamendu sareko zati bat hobetzeko egingo diren lanetatik kilometro batera saneamendu sarerik ez egotea eta ur zikinak zuzenean itsasora botatzea ulergaitza zaiola gaineratuta, mozioa aurkeztu duela Pasaiako Udalean aztertzeko jakinarazi du Eguzkik, “beharrezkoak diren lanak has daitezela eskatzeko, Donibaneko kolektorea behar dugulako eta hala ulertzen dugulako eragile sozial gehienek eta Eguzkik”.