Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Egunari begira dokumentala, bertso saioa eta ekitaldi kulturala antolatu dituzte
Oiartzungo eragile feministek egitarau bateratua osatu dute.
Datorren asteko larunbatean Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Eguna da nazioartean. Oiartzungo Feministen Asanblada osatzen duten eragileek —Antiju Morik, Abaraxkak, Ernaik, Ikasle Abertzaleek, Kuadrillategik, udalak eta norbanakoek— egitarau bateratua antolatu dute egun horri begira.
Zehazki, hiru egunetan jarri dute zita. Atzo egin zuten horiek aurkezteko agerraldia. Gogorarazi zutenez, oraindik pauso asko daude indarkeria matxista desagerrarazteko. “Genero indarkeria mota guztiak ikusarazteko, sentsibilizatzeko eta emakumeak indartzeko egun gisa ulertu nahi dugu Azaroaren 25a, eta horren barruan kokatu nahi ditugu antolatu ditugun ekitaldiak”, esan zuten.
Ekitaldiak bertso saio bat, dokumental emanaldi bat, eta hilaren 25ean bertan egingo dituzten bi ekitaldi izango dira. Hirugarren egun horretan, herriko hainbat artistek
Badabil zerbatte emanaldia prestatu dute. Idoia Beratarbidek, Lur Gaztelumendik, Goiatz Labandibarrek, Ainara Lasak, Alaia Martinek, Iraitz Mateok, Olarri Dantza Taldeak eta antzerki taldeak bakoitzak beretik emango du, ikuskizuna osatzeko.
Egitaraua
- Hilak 18, larunbata: Erradikalak gara bertso saioa. Udaletxeko areto nagusian, 19:00etatik aurrera.
- Hilak 24, ostirala: Martxan dokumentalaren emanaldia. Ondoren, solasaldia. Udaletxeko areto nagusian, 19:00etan.
- Hilak 25, larunbata: 16:30ean, mural margoketa, Done Eztebe plazan. 19:00etan, antzerkia eta Badabil zerbatte emanaldia, kontzejupean.