Aurtengo auzo batzarren atarian, iaz eskatutakoei errepasoa eman dio udalak, auzoz auzo
Klarene plazako obrak.
Datorren astelehenean hasiko dira aurtengo auzoz auzoko batzarrak. Horren atarian, orain arte egindako auzo batzarretatik ateratako proiektuak gauzatzen ari dela berretsi du Oiartzungo Udalak, eta horiei errepaso bat eman diote. Honakoak dira (alfabetikoki):
Auzoz auzo
Altzibar
Olaldeko auzo lokala da altzibartarrek egindako eskarietako bat. Lokala egokitzeko lanak bukatzen ari direla jakinarazi du udalak. Horrez gain, Olaldeko zelaian, mahaiak jarri dituzte, auzotarren eskariari erantzunez.
Klarene plaza ere konpondu dute. Cadarso enpresak utzitako espazioa herriarentzako berreskuratzeko asmotan dabiltzala ere jakinarazi dute.
Arragua
Arraguari dagokionez, Lartzabalgo aparkalekua txukundu dute, eta etxadian erabilera anitzeko kirol eremua jarri dute. Talaiako espaloia ere txukundu dute.
Topoko bidearen azpian mahai teniseko mahaia jarri dute, eta hortik ez oso urrun, taxientzako txoko bat atondu dute, Taxilarien Elkartearen nahia asebetez. Zubiondoko terraza konpontzeko lanak ere egin dituzte.
Elizalde
Oiartzungo kaskoari dagokionez, Elizalde Herri Eskolaren ondoko bidea konpondu eta argiztatu dute (emakumeentzako puntu iluna zen).
Euskal Herria plaza azpiko parkineko lurra konpondu eta bertako paretak margotu dituzte. Aparkalekuekin jarraituz, Bidegañako eremua berrantolatu dute.
Elorrondo kalearen Erriondo-Ergoiengo kooperatiba tartea asfaltatu dute, eta oinezkoentzako izango da behin betiko.
Azkenik, Manuel Lekuona etorbideko lanak bukatzear daude. Ez da, inguru horretan, zorua aldatu den toki bakarra izan: Beheko Plazako pilotalekua asfaltatu dute.
Ergoien
Ergoien eta gainontzeko auzoak oinez lotzeko dauden zailtasunak direla eta, bidegorria eta Arbelaitz kalearen arteko lotura egin dute. Uztapide plaza txukuntzea ere eskatu zuten, eta hala egin dute. Hainbat diru partida herribideak konpontzera ere bideratu dituzte.
Gurutze
Herribideen konponketa lanak egin dituzte, eta Bizardia elkartearen atzeko horma bat konpondu dute auzolanean.
Pilotaleku inguruan ere hainbat interbentzio egin dituzte. Horrela, frontoiaren eta aparkalekuaren arteko bidea argiztatu, eta espaloiaren ondoan piboteak jarri dituzte, ibilgailuen eta oinezkoen eremuak zedarritzeko.
Iturriotz
Tronpeoko maldako trafikoa berrantolatu dute, auzotarren eskariz, eta Bidezarra bidean espaloia egin dute. Beheko Soroan adinduentzako gimnastika aparatuak jarri dituzte, kirola egin dezaten.
Gainera, Xorrolaren geltokia berritu dute, eta aterpea jarri diote. Herribideak ere txukundu dituzte.
Karrika
Karrikari dagokionez, errekak errepideari jandako lurren indartzeko lanak egin zituzten. Auzo horretan ere, Oialeku bidea, Lekungarai eta Arraskuekoa herribideak konpondu dituzte.
Ugaldetxo
Mendibilgo lokalen parera aldatu zuten autobus geltokia.
Azkenik, Ugaldetxon, Matteo pareko autobus geltokia konpondu dute. Isastikoa, berriz, tokiz aldatu dute, trafikoan eragin gutxiago izan dezan. DUK altzari dendaren parean semaforoak jarri dituzte, oinezkoentzako seguruago izan dadin.
Espaloiak konpondu dituzte, berriz, Juansendo kalean, Mendibilen eta Ihurritan.
Horrez gain, auzo guztietan mantenu lan txikiagoak egin dituzte. Udalak azaldu duenez, gehienak auzotarrek hala eskatu dutela, bai auzo batzarretan, bai udalera deituta. Horregatik, datorren astelehenean hasiko den bilera errondan parte hartzera deitu dituzte oiartzuarrak, bakoitza bere auzokoan.
Hemendik aurrerakoak
Iazko eskaera guztiak ez dituzte asebete, eta beste hainbat lan garrantzitsu egiteke daudela jakinarazi dute. Arraguan, Ganboxa ingurua eta aparkalekua txukunduko dituzte. Elizalden, Legarreko irisgarritasuna hobetu nahi dute, Iparralde etorbideko aparkalekuak antolatzeaz gain.
Altzibar eta Iturriotz arteko espaloia konponduko dute, eta Karrikan, berriz, sarrerako bidea zabalduko dute. Ugaldetxon, Intxixu jatetxearen parean semaforoak jarri nahi dituzte.
Jakinarazi dutenez, berandu baino lehen hasi nahi dituzte lan horiek. Ez dute data zehatzik jarri, baina urte honen bukaeran eta datorrenaren hasiera artean izango direla ziurtatu dute.