Gaur hasiko da Eskuz Binakako Txapelketa; oiartzuarrak Aimar Olaizolarekin osatuko du bikotea, Ezkurdia-Zabaletaren kontra
Olaizolak eta Imazek Soriako San Saturio torneoa irabazi zuten pasa den urrian.
Eskuz Binakako Txapelketa gaur gauean hasiko da. Txapelketaren inaugurazio zinta mozteko ardura izango dutenen lau pilotarietako bat oiartzuarra izango da: Ander Imaz. Pasa den edizioan ordezko moduan jokatu zuen txapelketa, eta aurtengoa titular moduan ariko den lehenengo txapelketa izango da.
Oiartzungo atzelariak ez ditu edonoren bizkarrak zainduko: txapelketako jokalari beteranoenarekin, Aimar Olaizolarekin, osatuko du bikotea. Etxetik ez oso urruti, Beran, jokatuko dute partida, Ezkurdia eta Zabaletaren kontra. Atzeko koadroak ongi zaindu beharko ditu Imazek, nafarrek eskua baino, kanoia dutelako.
Bortzirietara hurbiltzerik ez duenak, nola ez, ETB1en ikus dezake partida. 22:00etan hasiko da partida estelarra.
Aurretik, baina, beste partida bat jokatuko dute. Errandoneak eta Tolosak Retegi eta Iñigo Martinezen kontra jokatuko dute. Izenek kontrakoa iradoki dezaketen arren, ez da 1980ko hamarkadako revival bat.