Indarkeria matxistari ezetz. Eta hori erabili edo ezikusiarena egiten dutenei, modua edozein dela ere, ezetz. Harremantxok mezu garbia helarazi du gaur.

Antxorik bira eman dute Harremantxoren deiarekin bat egin dutenek.
Harremantxok,
Elkargurutzatuz sarea gara leloarekin, mobilizazioa egin du gaur Antxon. A25aren harira bildu dira, lehenik mobilizazioari forma emateko, ondoren Antxotik egin duten kalebueltan esateko emakumeen kontrako indarkeriak mila aurpegi dituen arren, erasotzaileek garbi izan behar dutela ez dutela sekula inpunitaterik edukiko.
Eta biktimei esan diete, hemengoa edo hangoa izan, ezaguna edo ezezaguna, sinesten dituztela. Eta indarkeria matxistari ezikusia egiten diotenak konplizeak, emakumeen erasotzaileen laguntzaileak direla. Eta emakumeen kontrako tratu txarra —horren forma edo adierazpidea edozein dela ere— A25ean eta beti borrokatu behar dela.
Kalebueltaren ondoren arkupetan bukatu dute ekitaldia. Abestuz:
“Mila aurpegi indartsu gara
Mila buru, mila ekintza
Zure izena ez dakit baina
Sinesten dut zure hitza
Autodefentsa feminista da
Erantzuna ta bidea
Hartu hitza ta behar duguna
Ta ez izan konplizea
Azaroak gaur hogeitabostak
Bete ditu goiz goizetik
Baina biharko goizean ere
Jaiki gaitezen sofatik
No woman no cry
No woman no cry”.