Foisis Jaunak taldea ariko da Ergoiengo kafe antzokian; Itoiz talde mitikoaren bertsioak egiten dituzte
Foisis Jaunak taldearen izena Itoizen baxu jotzailearen izengoititik dator.
Euskal musikagintzan klasiko bihurtu diren doinuak entzuteko aukera egongo da datorren larunbatean, hilak 16. Pagoa kafe antzokiak kontzertua antolatu du egun horretarako, Foisis Jaunak-ekin. Itsasuko (Lapurdi) taldeak Juan Carlos Perez buru zuen taldearen bertsioak egiten ditu.
Ez dira oholtzara igoko diren bakarrak izango. XanOlive talde lapurtarra ere bertan izango da, baita Esther Sound Sister ere. Sarrerak Amazkar, Elorsoro, Pagoa, Arkaitza eta Donosti Rocken daude salgai. Online erosi nahi izanez gero, webgune hauetako batera joan daiteke: Kutxabank, Ticketea, Mauka edo Colectivia.
Aurretik erosiz gero, sarrerek zortzi euroko prezioa izango dute. Egunean bertan eskuratuta, salneurria hamarrera igoko da. Kontzertua 22:30ean hasiko da.