Lehen harrera egingo diote herrian; Soriako espetxera bere bila joateko autobusa ere antolatu dute
Joxean Etxeberria, 18/98 sumarioaren epaikera hasi aurretik.
Joxean Etxeberria oiartzuarra urtarrilaren 4an geratuko da aske. 18/98 sumarioarengatik espetxean dagoen bi presoetako bat da, eta azkena izango da espetxea atzean uzten. Bestea Txema Matanzas da, eta abenduaren 28an irtengo da.
Oiartzungo Kalera, Kalera-k bi ekitaldi antolatu ditu urtarrilaren 4rako. Alde batetik, Soriako espetxera Etxeberriaren bila joateko autobusa. Amazkar tabernan eman daiteke izena. Bestalde, arratsaldean herrian bertan egingo diote lehen harrera. 18:00etan jarri dute zita, Done Eztebe plazan.
18/98 sumarioko “enpresen” atalean zigortu zuten. Hamar urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta zigor hori jaisteko eskaera egin zuen, zazpira pasatzeko. Espainiako Auzitegi Nazionalak zein Auzitegi Gorenak atzera bota zuten eskaera hori.