Gabonetako kontzertua eskainiko du bandak larunbatean

Donostiako Orfeoi Txiki eta Gazteko kideek ahotsa jarriko dute EMKEren Musika Bandak larunbatean eskainiko duen kontzertu berezian.

Aierdi, Urzelai eta Lopez Etxezarreta.

Aierdi, Urzelai eta Lopez Etxezarreta.

Eguberri kontzertua emango du EMKEren Musika Bandak larunbatean. Ez da bakarrik helduko Fatima Andra Mariaren elizako agertokira, Donostiako Orfeoi Txiki eta Gazteko kideek ahotsa jarriko dute kontzertu berezian. Larunbatean Errenterian emango dutena, Donostiako Gabon kultur agendak eskaintzen duen kontzerturik esanguratsuenaren atarikoa izango da: Kursaal Auditoriumean aipatu abesbatzek eta musika bandak eskainiko duten UNICEF Gabon kontzertuaren aurre estreinaldia, hain zuzen ere. Alain Aierdi Gurpegi musika bandaren zuzendaria, eta Esteban Urzelai, Montse Latorreeta Leticia Vergara Orfeoi Gaztea eta Txikiko zuzendariek gidatuta larunbateko kontzertuan Ton Van Grevenbroek konpositorearen Music lana, Xabier Zabalaren Irribanda, Iñaki Urkizuren Jaialdia, edota Fernando Velazquezen Villancicos populares bildumekin gozatzeko aukera izango dute biltzen direnek kontzertura. Orfeoi Gazte eta Txikiko 100dik gora kidek hartuko dute parte kontzertuan eta familia guztiarentzat sortutako ikuskizuna bada ere, batez ere gazte eta haurrek gozatuko dutela esan zuen Aierdik aurkezpen ekitaldian. Aierdik, Xabier Zabala, Fernando Velazquezi eta Angel Brizi eskerrak eman zizkien beren abestiak erabiltzeko aukera eskaintzeagatik, Brizek, Por esto cantamos  juntos piezaren moldaketa utzi die kontzerturako. Garazi Lopez Etxezarreta zinegotziak  Errenteriako “banda historikoa” dela nabarmendu zuen, “gure egunerokoaren beharrei erantzuteko programazioa egitearekin batera maila goreneko kontzertuak eskaintzen dizkigu, elkarlan bereziak, eta honakoa horren adibide da”. Txartelak gaurtik eros daitezke Niessen Kulturguneko leihatilan 5 euroan.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.