Ttur-tturrekoek Haurtzaro Ikastolako ikasleekin hasi dituzte motibazio saioak; Elizalde Institutukoen txanda urtarrilean izango da
Haurtzaro Ikastolako DBH 3 eta 4 mailako ikasleekin egin dituzte ikasturteko lehen motibazio saioak.
Euskaraz aritzearen garrantzia nabarmentzeko kanpainek ez dute etenik. Orain, ikasle nerabeen txanda da. Horrela, euskarazko motibazioa egiten hasi dira DBH 3 eta 4 mailak eskaintzen dituzten ikastetxeetan. Udala eta Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea dira, elkarlanean, saio horiek bultzatu dituztenak.
Haurtzaro Ikastolan egin dituzte lehen saioak. Horrela, hiru saio eman dituzte, eta bertan hainbat alde jorratu dituzte: euskarari buruzko bizipenak partekatzea; euskarak bizi duen egoeraz jabetzea eta hizkuntzarekiko atxikimendua lortzea. Gauza bera egingo dute Elizalde Institutuan, urtarrilean.
Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneko Ugaitz Susperregi eta Aintzane Toledok dinamizatu —eta dinamizatuko— dituzte euskararen motibazio saioak.