Gaurtik hasi eta otsailaren 28ra arte eska daitezke; familia ugariena, ibilgailuena, hondakinena eta beste hainbat eska daitezke
Oiartzungo udaletxeko harreran egin beharko dira eskariak.
Oiartzungo Udalak jakinarazi duenez, aurtengo tasa eta hobarietan hobariak eta salbuespenak eska daitezke jada. Epea otsailaren 28ra arte egongo da irekita, eta daletxeko harreran egin beharko dira eskaerak. Epeekin arretaz ibiltzeko aholkatu dute, epez kanpo egiten diren eskaerek ez baitute aurrera egingo.
Mota askotako tasa eta zergetan eska daitezke. Ondasun Higiezinen gaineko Zergari dagokionez, familia ugariek %50 eta %90 arteko hobaria izango dute, balio katastralaren muga 220.000 eurokoa bada gehienez, edo familiak 70.000 eurotik gorako diru sarrerak gainditzen ez baditu. Babes ofizialeko etxebizitzek ere lehenengo hiru urteetan %50eko hobaria izango dute. Eguzki energia probesten dutenek, berriz, lehenengo bost urteetan.
Lan mundua, ibilgailuak eta hondakinak
Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zergan ere izango dira hobariak. Hala, industria jarduera gune populatuetatik industriaguneetara eramaten dutenek %30 izango dute; enplegua sustatzen dutenek, %25eakoa, eta langileen garraio plana dutenek, %50.
Trakzio mekanikodun ibilgailuen atalean, %90ekoa izango dute ibilgailu historikoek eta familia ugariek. Ibilgailu elektrikoa edo hibridoa dutenek, aldiz, %25.
Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan, berriz, interes bereziko edo udal onurako eraikin, instalazio edo obrek %95era artekoa izango dute. Kopuru horretako hobaria izango dute ASAP programaren barruan egindako obrek edo eguzki energiaren aprobetxamendurako egindako lanek. Ezinduen irisgarritasuna eta bizigarritasun baldintzak errazteko obrek, %90ekoa. Hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zergan %95eko hobaria jasoko dute heriotza dela eta, senitartekoen artean egindako eskualdaketek.
Etxez etxeko zerbitzuan hobariak zergaren kostu osoa har dezakete —%98,5—, irabazien arabera.
Hondakinei dagokienez, honakoak izango dira kopuruak: autokonposta egiten dutenek, %20; aportazio guneetara eramaten dutenek, %10; arrandegiek eta hondakinak kudeatzaile pribatuen bitartez kudeatzen dituztenek, %50; eta animalia jatorria duten azpiproduktuak kudeatzaile egokiekin bideratzen dituztenek, %50.
Salbuespenak
Salbuespenei dagokienez, trakzio mekanikodun ibilgailuen zergan bi motako eskaerak egin daitezke. Alde batetik, nekazaritzako ibilgailuak dituztenek eska ditzakete. Bestetik, ezintasun mugatua duten pertsonen izenean dauden ibilgailuek.
Zerbitzu publikoak eskaini eta jarduera administratiboak egiteagatik ezartzen den tasan ere salbuespena eskatu dezakete. Horrez gain, lanbide arteko gutxieneko soldata baino baxuagoa dutenek estolderia eta ur hornidura zerbitzuan eska dezakete, baita hiri hondakinen tasan ere.