Ugaldetxo Kultur Taldeak pailazoak ekarriko hilaren 28an, 22. aldiz; hilaren 20an salduko dituzte sarrerak
Ugaldetxo Kultur Taldekoek Kultura zinegotziarekin aurkeztu dute ekitaldia.
Urteroko zita galezina hurbil da. Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen emanaldiak badu data: hilaren 28a. Ugaldetxo Kultur Taldeak 22. aldiz ekarriko ditu Oiartzunera. Taldeko Izaro Ansak, Arantxa Iñarrak, Pello Larraiak eta Xabier Urkiak aurkeztu dute pailazoen emanaldia, Kultura zinegotzi Josune Cousillasekin batera.
Pailazoek euren lanik berriena aurkeztuko dute, Borobilean. Elorsoro kiroldegian izango da, hilaren 28an, 17:00etatik aurrera. Sarrerak, baina, lehenago salduko dituzte; hilaren 20an kiroldegiko leihatila irekita egongo da, haurrentzako sarrerak bost euroren truke erosteko. 17:00etatik 19:00etara egongo da irekita. Helduentzako prezioa zortzi eurokoa izango da, eta bi urtetik beherakoek ez dute ordaindu beharko. Bakoitzak, gehienez, zortzi sarrera eros ditzake. Emankizunaren egunerako baten batzuk gordeko dituztela iragarri dute.
Hori bai, eskaera berezi bat egin dute: heldu bakoitza ahal bezainbeste haur eramatea, ahalik eta haur gehienek joateko aukera izan dezaten.
22 urtetan antolatzen
Ugaldetxo Kultur Taldeko kideek adierazi dutenez, ia-ia kasualitatez hasi ziren pailazoen emanaldia antolatzen. Artean Takolo, Pirritx eta Porrotx zirenen deia jaso zuten, emanaldi bat proposatzeko.
“Orduan antolatzen genituen jarduera gehienak helduentzako ziren, eta haurrentzako emanaldia prestatu genuen”, esan dute Urkia eta Iñarrak. Ugaldetxoko eskoletan izan zen estreinako emanaldi hura, eta ordutik urtero Oiartzun bisitatu dute, euren arteko harreman polita sortu zelako.
Cousillasek, Oiartzungo Udalaren izenean, Ugaldetxo Kultur Taldeak egindako lana aitortu du. Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen emanaldiarekin gozatzera deitu ditu Oiartzungo familiak.