Maiatzetik abendura 45 liztor habi desaktibatu dituzte; guztira 1.230 euro bideratu dituzte liztor beltzaren kanpainan
Anatxuri baserriko lurretan aurkitutako habia.
Oiartzungo Udalak liztor beltzaren iazko kanpainaren berri eman du Oiartzungo Udalak. Maiatzetik abendura izan ohi da, eta denbora tarte horretan liztor beltzen habien 50 abisu jaso zituzten. Horietatik 45 inaktibatu zituzten, eta beste hirurekin ezin izan zuten ezer ere ez egin, kokapena zela eta. Gainontzeko biak ez ziren liztor beltzenak, eta ez zuten interbentziorik egin behar izan.
Guztira 1.230 euro bideratu dituzte autoktonoa ez den liztor horren aurkako borrokan. Halaber, identifikatutako habien kokalekuak Nekagip erregistroan sartu dituzte.
Behemendirekin batera
Udal bakoitzak bere baliabideekin kendu behar ditu liztor beltzaren habiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak 2014an ebatzitako protokoloaren arabera. Oiartzunen, udalarekin batera, Behemendi elakrtea aritzen da lan horretan. Izan ere, erakunde horrek bi laguneko lan taldea osatu zuen habien kontra borroka egiteko. Udalak abisua jasotzean, jakinaren gainean jartzen du Behemendiko brigada. Biozidaz inaktibatzen dituzte habiak, eta ahal denean, protokoloak eskatuta, toki berean uzten dituzte.
Duela zazpi urte hasi ziren liztor beltzen —orduan Asiako liztorra izenarekin ziren ezagunak— habiak ikusten. Hurrengo urtean, 200 habia aurkitu zituzten, eta suhiltzaileek kendu zituzten. Iaz 50 abisu jaso ziren, 2016an baino bat gutxiago.