Txilly: «Lagun arteko atmosfera batean egiten dugu rapa Oiartzunen»
20 urteko Alain Mendizabal 'Txilly' oiartzuarrak lehen rap diskoa kaleratu berri du, euskaraz: ‘Gauetako hitzak’. Herriko Bengo, Peru, Manex, Goflow, Beni eta beste batzuekin batera, hip-hop kultura berri bat sortzen ari dira.
«Azken lana, literalki zein fisikoki, nire barnetik ateratako disko bat izan da»Esan duzunez, gauaren testuinguruak sortarazi dizkizun sentimenduak azaleratu dituzu Gauetako hitzak diskoan. Zein mezu helarazi nahi izan duzu? Antagonismoaren kontzeptuari buelta asko eman dizkiot beti. Isiltasunaren miresmena zaratan datza, hori da diskoan ikus daitekeen beste titulua. Kanta gehienetan iluntasunaren eta argitasunaren arteko jolas hori islatu dut, gaua ilunarekin edota beltzarekin islatzen baita askotan, eta nolabaitean gauaren barnean ere egunean ez dagoen hori existitzen dela aldarrikatu nahi nuen. Gaua une magikoa da niretzat. Betidanik oso gautxoria izan naiz. Nahiz eta etxean geratu, kalera atera gabe ere gautxoria izan naiz. Asko ematen diot buruari gauean, testuinguru horretan oso gustura sentitzen naiz. Ilargi betea abestiaren kasuan, adibidez, gizartearen pasibotasuna mahaigaineratu nahi izan dut. Oreretako atxilotuak edota orain atera berri den Joxean Etxeberriaren egoera ere salatu nahi izan dut, besteak beste. Nirea ez da batere rap politikoa, baina badaude argi eta garbi antzematen ez diren zantzu batzuk, sakonean aztertuz kritika hori badagoela ikus daiteke horietan. Gizarteari ere egiten diot kritika. Nahiko eszeptikoa kontsideratzen naiz txikitatik, beti edozer gauza zalantzan jarri dut eta zalantza horiei beti arrazoi bat bilatu nahi izan diet. Metafora zalea zarela antzeman daiteke abestietan. Bai, oso. Poeta kutsu hori txikitatik izan dut. Garai batean idazten nuelako hasi naiz kantatzen. Poesia txapelketa ugaritan hartu dut parte hemen Oiartzunen. Betidanik oso pertsona uzkurra izan naiz, niretzako gordetzen ditut gauzak, eta hori azaleratzeko asko lagundu dit idazteak. Aurretik nituen testu horiek pixka bat modifikatuz, rapero alderdi hori eraikitzen joan naiz. Diskoan zenbait kolaborazio egin dituzu: Autobus Magikoko Benirekin, eta Oiartzungo Bengo eta KBNrekin, adibidez. Badirudi Oiartzunen rap estiloaren gaineko kultura berri bat sortzen ari dela. Guztiz ados. Azkenean rapa gazteek eskura dugun estiloa da. Asko mugitu gabe, musika egin dezakezu. Nik mikrofono eta txartel batekin disko bat egin dut, ez da gauza handirik behar, beraz. Oiartzunen gure kabuz gauzak egiteko mugimendu hori azaleratzen ari da azken aldian. ?KBNek, adibidez, etxean Txiltxoko estudioa du, beste lagun batzuekin. Bi urte inguru eramango dituzte raparen munduan, eta instrumental oso potenteak egiten dituzte. Bengo, Goflow, Beni, Peru, Joseba… Rapero asko daude Oiartzunen. Gero, Manex da niri pertsonalki asko gustatzen zaidan Oiartzungo raperoa… Raparekiko zaletasun handia dago herrian. Orain arte eman den punk mugimenduaren antzekoa izan daiteke. Lehen kontzertu guztiak betetzen zituzten, eta orain gazteak rap kontzertuetara animatzen dira. Aurreko astean, adibidez, Potte tabernan jendetza elkartu ginen, Oiartzungo ia rapero guztiak, eta sekulako festa antolatu genuen. Bertan lagun batek bota zidan: ‘Niri eta dena ematen dit gogoa oholtza gainera igo eta rapeatzen hasteko!’. Lagun arteko atmosfera batean egiten dugu rapa Oiartzunen. Glaukoma taldeko Juantxok esana da: ‘Bizio bat da euskaraz rapeatzen aritzea’. Zuk zer diozu? [Barrez] Hala da, bai. Euskarazko rapa bere une onenean dago. Rapak duen gauza garrantzitsuena letra da niretzat, eta euskarak gramatikalki eta estrukturalki duen aberastasun horrek milaka aukera ematen ditu gauza ezberdinak egiteko, edozein neurri eta denboran. Hizkuntza oso aberatsa da, eta rap duinuen letrak aberasteko aukera ematen du. Gainera, euskalkiak asko laguntzen du. Oiartzuarra erabiltzen dut askotan, hitzak koadratzeko edota esaldia erakargarriago egiteko. Ahoskatzeko orduan, modu ezberdinetan islatzen ditut hitzak, egiturak eskatzen duenaren arabera. Letra eraikitzeko garaian alternatiba asko ematen ditu euskarak. Are gehiago. Geroz eta rapero gehiagok dute euskaraz rapeatzeko bizio hori, ezta? Rapero euskaldun asko aurki daitezke egun. Espainiak Doble V taldea izan duen bezala, Euskal Herrian erreferentziazko taldeak falta izan dira azken hamarkadetan. Orain, nire erreferentziazko euskal raperoak Norzzone eta horrelako abeslariak dira, bere garaian mugimendu hori euskal testuingurura ekarri zuten horiek hain zuzen ere. Euskal irratietan zaila da rap estiloa entzutea, baina Espainiako Estatuan asko entzun izan da, musika genero horretan irrati eta mugimendu handia zegoelako. Espainian eragin handia izan zuten bere garaian rapzaleek, eta hemen ez bezala, jarraitzaile asko izan dituzte.
«Raparekiko zaletasun handia dago Oiartzunen, rapero asko daude»Euskaraz gain, orain arte gaztelaniaz ere abestiak egin izan dituzu. Ezberdintasunik nabaritzen duzu euskaraz eta gaztelaniaz idazten duzunean? Bai, noski. Azkenean euskara ama hizkuntza izanda errazago ateratzen zait. Gaztelaniaz, gauza batzuk idazterako orduan, batzuetan errazago ateratzen dela letra onartu behar dut. Greziako mitologiari buruzko abesti bat gaztelaniaz egin dut, istorio horiek gaztelaniaz ikasi ditudalako eta modu naturalago batean ateratzen zaizkidalako. Baina egunerokotasunean, zure barne sentimendu horiek ateratzeko, ideiak paperera botatzeko orduan euskara erabiltzen dut gehienbat. 20 urterekin jada lau lan kaleratu dituzu (Negua, Irteera, Preso eta Gauetako hitzak). Noiz bota zuen Txillyk bere lehen errima? Hilabete oso batez bueltaka aritu ondoren, 2014ean lehen abestia igo nuen Youtubera, gaztelaniazko kanta bat izan zen. Hori baino hiru-lau hilabete lehenago Batxilergoan ginen, Koldo Mitxelenan. Bengok mikrofono eta txartel bana erosi zituen, eta lehen errimak harekin bota nituen. Haren iniziatibaz hasi nintzen rapeatzen eta pixkanaka abesti gehiago egiten hasi nintzen. Hamarka abesti horiek egiteko prozesuan, zenbat ordu pasatu dituzu etxean orri zuriaren aurrean? Ez dakit ziur zenbat denbora pasatu dudan. Txikitatik ohitura handia izan dut idazteko. Hamabi urterekin nire osabak koaderno bat oparitu zidan eta ordutik idazten aritu naiz. Hasieran gaztelaniaz idazten nuen, baina Norzzone, 2zio eta konpainia ikusi nituenean, euskaraz egiteari ekin nion.
«Nire lehen errimak Oiartzungo Bengorekin bota nituen, 2014an»Zein izan dira zure erreferentzia nagusiak? Euskarazko rapean Norzzone izan da gehien entzun dudana, batez ere hark aldarrikatzen duen euskarazko raparen eraberritze prozesu horrengatik. Espainiako Estatuan, underdground estiloa da gehien jarraitu dudana. Morgan, Lone, Fuckin Maniacs, Charlie… Batez ere Espainiako rapa entzuteko ohitura izan dut. Non eta nola eskura daiteke diskoa? 2017ko abendutik, Alain MD Youtubeko kanalean abesti guztiak ikusgai daude, eta bertatik deskargatzeko aukera ere badago. Bestela, interesa dutenek txilly.md@gmail.com helbidera idatzi dezatela mezua, disko fisikoa eskuratzeko.