Landa garapen proiektuak saritu nahi dituzte, estreinako aldiz; Oiartzungoa da hamar hautagaietako bat
Arraztalo elkarteari eta Elika kooperatibari esleitu zizkieten lehenengo bi lur eremuak.
Landaola Gipuzkoako landa elkarteen federazioa da, eta aurten, estreinakoz, bere izena daraman saria antolatu dute. Landa garapena bultzatzen duten proiektuei aitortza egin nahi diete, eta hiru sari emango dituzte. Sari banaketa datorren ostegunean, otsailak 1, egingo dute.
Hamar hautagai daude Landaola Sarien lehenengo ekitaldian. Horietako bat Oiartzungo Lurbizi egitasmoa da. Orain dela ia bi urte pasatxo hasi ziren proiektua zirriborratzen, nekazaritzan aritu nahi zuten oiartzuarrei baliabideak emateko asmoz. Izan ere, garai batean, lehen sektorea indartsua zen Oiartzunen, eta gainbehera hori, nolabait, gelditzea zen asmoa. Bidea egiten hasi ziren, eta udalak esleitu zituen lehenengo bi lur eremuak Makutsokoak izan ziren.