Pobrezia egon badago. Mezu hori zabalduko du Duintasuna Jubilatu eta Pentsiodunen elkarteak astelehenean egingo duen elkarretaratzea eta ondorengo manifestazioan.
Duitasunaren urtarrileko manifestazioa.
Pobrezia egon badago. Mezu hori zabalduko du Duintasuna Jubilatu eta Pentsiodunen elkarteak astelehenean egingo duen elkarretaratzea eta ondorengo manifestazioan. Biztanleriaren %29a adineko pertsonak dira, eta pentsionisten artean gehiengo handi batek pobreziaren mugatik beherako diru sarrerak dituela salatuko du Duintasunak. Eusko Jaurlaritzarekin oso kritiko azaldu da elkartea, “ez du ezer egiten, ez du tutik esaten, erantzukizuna saihesten dute, arazoa ez dela haien eskumenekoa diote. Susmoa dugu, ordea, ados daudela PPrekin”.
Beldurra sartzea ere leporatu diote Eusko Jaurlaritzari: “Etorkizunean pentsiorik ez dela izango guztiontzat esaten digu, eta pentsio publiko duinak bermatzeko konponbide egokiak aurkitu beharrean, pentsio plan pribatuak saldu nahi dizkigute bankaren eta funts putreen mesederako”. Alderdi politikoei gainera, erabakiak erreferendum bidez hartzeko eskatu die Duintasunak, “guztioi eragiten eta garrantzi handiko diren erabakien kasuan, esaterako, erretiroa 65 urte betetzean hartzea”.
Informatu, sentsibilizatu eta salatu
Duintasun elkartean ari diren jubilatu eta pentsiodunek, beren lana boluntarioa dela nabarmendu dute. Helburua, berriz, informatzea, sentsibilizatzea eta eskubide sozialak kolokan jartzen dituzten erabaki eta egoerak salatzea dela diote. Hilabeteko lehen astelehenero egiten dute elkarretaratzea, “egonezina” erakusteko. Astelehenean, berriz ere, pentsio duinak eskatuko dituzte, 1.080 eurokoak, eta salatuko dute jubilatu eta bereziki alargun gehienek miseriazko pentsioak dituztela. Elkarteak hilabete amaierara heltzeko gorriak ikusten dituztenak babestu nahi ditu gainera, elkartasuna adierazi, “erraz eraso egiten zaielako ezin dutelako, edota ez dakitelako beren burua babesten”.
Argi dute agintean daudenei dagokiela egoeraren konponketa, “beren obligazioa da. Talde politiko horiek dauden lekuan badaude eta egiten dutena egiten badute, norbaitek bozkatzen dituelako da. Hortaz, lanean jarraitzea dagokigu pentsionista eta jubilatuoi gure burua babesten ikasteko, gu pobretu eta gure bizitza jasanezina egin nahi dutelako”.
Hilean behin Duintasunaren elkarretaratze eta manifestazioarekin bat egiten duen jendeari eskerrak eman nahi izan dizkio elkarteak, “eskuzabaltasun, konpromiso eta elkartasunagatik”.
Hurrengo hitzordua, hilaren 6an, astelehena, egin du Duintasunak 11:00etan Herriko plazan. Murrizketen aurka, pentsio sistema propio, justizia soziala, eta pentsio duinen alde dagoen orok izango du lekua bertan.