Gaur arratsean kuadrillen arteko olinpiadak lehiatuko dira.
Miel Otxin lapurra erre zuten atzo Antxoko Gure Zumardian.
Lantzeko pertsonaien eskutik hasi ziren atzo Antxon inauteriak. Lehenik, ikastolan. Euriaren ondorioz Usozeko zelaira irten ordez, aterpean dantzatu ziren ikasleak, jantzi koloretsuak soinean eta guraso eta aiton-amonen begiradapean.
Iluntzen, berriz, kalez kale aritu ziren Ziripot, Zaldiko eta konpainia, kalejiran. Gure Zumardian bildu ziren dantzari, musikari eta herritarrak, guztiak Miel Otxin lapurra nola erretzen zuten ikustera.
Gaur, berriz, 12:30ean buruhandi eta erraldoiak irtengo dira kalera, inauteri giroan, eta arratsean, berriz, olinpiadak izango dira, kuadrillen artekoak, poteoa bitartean. Afaria ere egongo da, Azokan.