Gazte Mailakoa izan arren, absolutuetan lehiatzeko balioko liokeen marka eskuratu du oiartzuarrak
Perez, Periko Sanroma omentzen duen kamisetarekin.
Oiartzungo atletismo harrobiak fruitu gehiago ematen ari da. Julen Perez Loperena da berrienetakoa. Pasa den otsailaren 4ean, pista estaliko Euskadiko Txapelketa jokatu zuten Anoetako belodromoan. Bertan, oiartzuarrak zilarrezko domina janztea lortu zuen.
Gazte Mailakoa izan arren —hamazazpi urte ditu—, maila absolutukoekin lehiatu zen, eta bigarren markarik onena ezarri zuen, 21 segundo eta 94 ehunenekin. Ugaitz Perez Jauregibeitia FC Barcelonako korrikalariak baino sei ehuneneko gehiago behar izan zituen.
Duela hamar egun egindako marka ez da nolanahikoa: Espainiako Txapelketa absolutuetan parte hartzeko balio du, 22 segundo eta hogei ehunenekoren azpitik egin baitu.
Perez Donostiako Atletiko taldeko kidea da iaztik, baina lehenago Haurtzaro Atletismo Taldean ibili zen.