Egitasmoaz duen informazioa partekatzeko bilera deitu dezala eskatu dio koalizioak Udal Gobernu Taldeari.
EH Bilduko zinegotziak, San Pedroko egungo adinekoen egoitzaren atarian.
Kezkatuta dago Pasaiako EH Bildu, Pasaian eraikitzekoa den adinekoen egoitzaren proiektuaren harira. Ez dute ulertzen zergatik ari den atzeratzen hainbeste, eta beldur dira, iragarritako guztia “aldundiaren beste publierreportaje bat” ez ote den izango.
Hala adierazi zuen atzo EH Bilduren zinegotzi Haritz Perezek, koalizioko gainontzeko zinegotziekin batera gaiaz hitz egiteko San Pedron antolatutako prentsaurrekoan.
Haritz Perezek jakinarazi zuenez, gaiaren gainean “askotan” galdetu duten arren, prentsaz jakin dute aldundiaren asmoen berri.
Zahartzaroaren Erreferentziazko Zentroa eraikitzen hasteko tramiteak abiatu dituztela iragarri zuen aldundiak urtarrilaren 30ean, eta orduan zehaztu zutenez, Trintxerpen eraikiko dute, Hospitalillo izenez ezaguna den inguruan, kaiko Herreran.
Adinekoen egoitza bertan eraikiko zutela aurrez jakinda proiektua martxan jartzeko zergatik atzeratu diren hainbeste ez du ulertzen ezkerreko koalizioak, “are gehiago, udal jabetzako lurretan eraikitzeko beste aukera batzuk egon bazirenean”.
Horrez gain, kaiko Herreraz bere osotasunean hitz egin beharra dagoela defendatu du EH Bilduk, herritarrek inguruaren ordenaziorako egindako proposamena kontuan hartuta.
Informazio eta gardentasun eske
EH Bildurentzat lehentasunezkoa da adinekoen egoitza Pasaian eraikitzea. Perezek gogorarazi zuenez, aurreko legealdian erabaki zuten eraikiko zen lehen zentroa Pasaian kokatzea, “bertako itxaron zerrendak direlako luzeenak”, eta “Pasaia delako adindu gehien udalerritik kanpo dituen udalerria”.
Koalizioaren nahia adinekoen egoitza eraikitzea dela adierazi zuen, baina beldur dira, “mahaia gainean ez delako oraindik proiekturik”, ez behintzat beraiek ezagutzen dutenek. Horregatik, Udal Gobernu Taldeari bilerara deitu dezala eskatu zioten, haiekin zein herritarrekin gaiaz duten informazio partekatzeko.