Mugimendu feministak Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira antolatu duen egitaraua aurkeztuko du bihar.
Iazko martxoak 8ko elkarretaratzea, Pasai Antxon.
Martxoak 8ko Plantoaren aldeko pedalkadak emanez hasiko da bihar Pasaian Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako egitaraua. Bihar aurkeztuko dute publikoki, 12:00etan, Trintxerpeko alkateordetzan, 10:30ean Donibanetik abiatuko den
bizikleta martxa feminista hara iristearekin bat.
Biharkoak lehen ekitaldiak izango dira, baina ez bakarrak. Egitarau oparoa antolatu dute talde feministek herriko hainbat eragileekin elkarlanean, datorren osteguneko greba girotzeko ez ezik, askotariko emakumeei eta beren adierazpide artistiko zein bestelakoei ahotsa eman asmoz.
Ostegunean, emakumeek aldarrikapenez beteko dituzte kaleak. Amantalak balkoietan zintzilikatu eta greba egingo dute lantokietan, erosketak eta zaintza lanak bertan behera utzi eta kaleak hartzeko.
Baina aldarrikapenetatik harago izango da zertan parte hartu: bertso bazkari eta afariak, erakusketak, mahai inguruak, tailerrak, musika eta poesia emanaldiak, zinema… guztia emakumeentzako eta emakumeen begiradatik.
Herriko eragile askok agertu diote atxikimendua Martxoak 8ko greba deialdiari, egitaraua elkarlanean atonduz.
Pasaiako Udalak ere, mugimendu feministaren aldarriak bere egin eta mobilizazioetan parte hartzera deitu du.
Egitaraua