Emakumeen kirola ikustarazi eta ezagutzera emateko erakusketa antolatu du Kiroletako azpisailak Galtzarabordako kiroldegiaren sarreran.
Galtzarabordako kiroldegiare sarreran jarri dute erakusketa. Argazkia: Herri Bizia
Emakumeen kirola ikustarazi eta ezagutzera emateko erakusketa antolatu du Kiroletako azpisailak Galtzarabordako kiroldegiaren sarreran. Martxoaren 8aren harira antolatu duen erakusketa, aurtengo argazki erakusketa sortaren lehenengoa izango da. Emakumeen kirolak Errenteria-Oreretan garrantzi handia duela eta, udalak hainbat datu eman ditu hori baieztatzeko: “Kirol instalazioetan harpidetuta daudenen artean %50,52 emakumeak dira, eta kopuru hori, nabarmen igotzen da programatutako ikastaroetan, %81,55 direlako emakumeak”.
Herri probetan emakumeen presentzia ugaritu dela nabarmendu du Kiroletako azpisailak, bestalde, eta Errenteriako Atletismo Taldeak antolatzen duen San Silbestre lasterketaren azken ekitaldian, parte hartzaileen %36,72 emakumeak izan zirela nabarmendu du. Kirol federatuen gaineko datuak ere eman ditu, eta taldeka egiten diren kirol nagusietan, saskibaloiak biltzen ditu emakume gehien (%53,33), eskubaloia (%47,83) eta futbolaren (%17,86) aurretik. Eskola Kirolean parte hartzen dutenen artean, berriz, %30 dira neskak.
Errenteria-Oreretako hiru emakume kirolarik Olinpiar Jokoetan parte hartu dutela nabarmendu du, bestalde, Kiroletako azpisailak: Ane Santesteban txirrindularia, Sara Carracelas igerilaria eta Yolanda Martin boccia jokalaria. Emakumeen Euskal Birari ere egin dio erreferentzia, izan ere, joan den urtean Errenteriak hartu zuen txirrindularitza probaren azken etapa, “hamasei emakume taldek hartu zuten parte eta arrakasta handia izan zuen. Kirola gizartea eraldatzeko elementu den gizarte parte hartzaile baten aldeko apustua egin zuen udalak lasterketaren azken etapa Errenterian hartuta”.
Aurreko guztiek, berdintasuna lortzeko bidean udalak emakume kirolaren alde egindako apustua agerian uzten du Kiroletako azpisailaren esanetan.
Erakusketa zabalik dago jada, eta kiroldegiaren ordutegian bisita daiteke.