Oiartzungo Udalak kirol orientazio zerbitzu berria martxan jarri du; pertsona bakoitzaren beharren arabera moldatutako aholkuak emango dituzte
Jon Treku kirol teknikaria, Eneritz Arbelaitz alkateordea, Iñaki Iturriotz aldundiko kirol departamendukoa eta Mikel Lopez, Abittu zerbitzua lanean ariko dena.
Oiartzun Kirol Astean murgilduta dago. Kirol eragileen jarduera erakustea da helburu nagusia, baina kirolik egiten ez dituztenak lotzea ere du helburu. Horregatik, Abittu egitasmoa aurkeztu dute gaur goizean. Jarduera fisikorik ez egiteko ohiturarik ez dutenei zuzendutako kirol orientazio zerbitzua izango da.
Gaur egun, lau gipuzkoarretik batek bizimodu sedentarioa dauka, eta bizi itxaropenean %20 eta %30 arteko eragina izan dezake ezer ere ez egiteak. Horregatik, Mikel Lopez adituak bakoitzaren bizi baldintzetara moldatutako kirol aholkuak emango ditu, beharrak identifikatu ondoren. Herriko kirol, udal eta hezkuntza eragileekin sare bat osatuko dute, eta herriko instalazioak zerbitzuaren eskuetan jarriko dituzte. Bazterketa sozialean dauden eta patologiak dituzten pertsonei, bereziki, zuzenduta dago, gainontzekoak kanpoan utzi gabe. Behin buru belarri hasita, jarraipena egingo diote erabiltzaileari.
Aholkuak, informazioa eta beste jasotzeko ordutegia astelehenetik ostegunera izango da, 09:00etatik 11:00etara. Lopezek esan du aldaketak izan ditzakeela ordutegi horrek, beharren arabera. Horretarako, onena, aurretik harremanetan jartzea izango da, Elorsoro kiroldegira deituta (943 49 52 25) edo Abittu zerbitzuaren
e-posta helbidera idatzita.
Eusko Jaurlaritzak martxan duen Mugiment proiektuaren barruko tokian tokiko egitasmoa da Abittu.
Txarako gailuak probatzen
Aste honetan bertan abiatu da Abittu proiektua. Zerbitzu hori emateaz gain, kalera irtengo dira, Kirol Astearen egitarauaren barruko bi ekitalditan. Txaran duela gutxi jarri dituzten gailu mekanikoak probatuko dituzte, 17:00etatik aurrera, bihar eta ostegunean.