Martxoaren 2tik, Lezoko Gaintxurizketa inguruan AHTaren tunela eraikitzeko obrak geldirik daudela salatu du ELAk, langileak etxean daudela.
Gaintxurizketako biribilgunean egin dute langileek elkarretaratzea.
Etorkizuneko Abiadura Handiko Trenaren azpiegitura eraikitzen ari dira Gaintxurizketa inguruan, Astigarraga eta Irun elkartuko dituen trenbide berria. Bertan, martxoaren 2ra arte zehazki, tunel baten eraikuntzarekin aritu dira lanean. Coprosa izan da orain arte obrak egiten aritu den enpresa, Adif-ek obrak hari esleitu ostean. Martxoaren 2tik bertako langileak geldirik daudela salatu dute gaur ELA sindikatuak eta Coprosako langileek (gehienak Asturiastiketorritakoak dira), eta egoera lehenbailehen konpontzea exijitu dute.
ELAko Manu Tenak azaldu duenez, egun, langile guztiak etxean daude, obrak geldirik dauden bitartean. Egoera horren erantzule Coprosa enpresak egindako hartzekodunen batzarrean dagoela azaldu du, eta ordutik ordaindutako baimenarekin daudela langileak. Egoera “konplexua” dela adierazi du Tenak, eta bi konponbide nagusi dituztela aurretik: “Coprosa hartzekodunen batzarrarekin adostasun batetara iristen da eta langileek obrekin jarraitzen dute, edo Adifek beste enpresa bati proiektua esleituko dio”. Adif-ek bestelako enpresa bati esleitzeko erabakia hartuz gero, langile guztiak “subrogatzeko” eskatu diote Adif-eri Coprosako langileek, euren postuak berreskuratzeko. Egoera horrekin obrak “asko” luza daitezkeela adierazi dute, eta ondorioz, erabiltzaileak ere kaltetuak izango direla. Izan ere, aldiriko tren zerbitzuan eragin handia izaten ari dira lan horiek.
Gainera, egoera horretara iritsi aurretik zenbait langilek dietak eta ordu estrak oraindik kobratzeko dituztela salatu dute, iazko azarotik gaur arte zehazki. Horregatik, egoera konpontzeko bidean, langile guztiek kobratzeko duten guztia jasotzea eta berriro euren lanpostuetan birkokatzea exijitu dute Coprosako langileek.