PSE-EEk azken hiru urteetako balorazioa egin eta pasaitarrei igorriko die postaz.
Kale mantenuaren esparruan egin dituztenak PSE-EE-rentzat lehentasuna izan direla nabarmendu du Izaskun Gomezek.
Agintaldiaren balantzea egin duela eta haren laburpena posta arruntaz helaraziko duela jakinarazi du Pasaiako PSE-EEk. “Harro” agertzen da balantzerako egin duten argitalpenean Pasaiako alkate Izaskun Gomez, “hiru urteko epean geldirik zegoen udalerria martxan jarri” dutela defendatuta.
Beste erakundeekin akordioetara iristeko izan duten gaitasuna nabarmendu du alkateak eta egitekoen zerrenda oraindik ere luzea dela aitortuta, gauzatu dituzten hobekuntzetan jarri du lupa, batez ere, hiri mantenu eta garbitasunean egin dituztenak nabarmenduz.
Ondartxoko lanak San Pedron, Herrera eta Trintxerpe arteko pasarela, Antxoko Gelasio Aranburu kaleko berritze lanak, Don Boscoko zelaiarenak, erretiratuen egoitzakoak edota arrapala eta ontziralekuetan egin dituzten hobekuntzak zerrendatu dituzte, besteak beste, egindako aurrera urrats garrantzitsuenen artean.