Laikotasuna, berdinak izateko
Orereta Laikoa taldea osatu da, erlijioen eta erakunde publikoen banaketaren aldarriarekin. Lehen ekitaldi publikoa egin dute, inmatrikulazioei buruzkoa
Orereta Laikoak eztabaidarako gune eta giroak sortu nahi ditu jendarteanIzan ere, estatua eta erlijioen arteko banaketa erreala sustatu nahi dute, denak legearen aurrean berdinak izateko. «Laikotasuna, beraz, mundua ulertzeko ikuspegi irekia eta giza eskubideak bermatzen dituen osagaia da, batik bat, emakumeen eskubideak eta sexu hautu eskubideak ere, elizen esku sartzeak bereziki urratu dituenak. Laikotasuna elkarrekin bakean bizitzeko, eta pertsona guztion kontzientzia askatasuna eta jokabide berdintasuna bermatzeko ezinbesteko baldintza da», esan dute laikotasunaren alde daudenak. Euren aldarria egiteaz gain, eztabaida ireki nahi dute gizartean. Maritxalar: «Zenbat buru, hainbat aburu leloa jarraitu behar da. Jendea erosotasunean murgilduta dago, nahiz eta sinesdunak ez diren. Erlijioa zalantzan jarri dezake momentu batean, baina sortu behar dena da eztabaidarako giro bat jendartean».
Lehen hitzaldia
Laikotasuna hainbat frontetan eskatzen dute taldekoek. Horietako bat da inmatrikulazioena. Horiei buruz hitz egiteko, pasa den asteartean hitzaldia antolatu zuten. Nafarroako Ondarearen Babeserako Elkarteko kide bat gonbidatu zuten. Eskarmentu handikoa da Andres Valentin Gonzalez, Euskal Herriko herrialderik handienean urteak baiataramatzate ondare komuna erreklamatzeko lanean. Inmatrikulazioaren definizioarekin hasi zuen hitzaldia: eraikin bat lehenengo aldiz erregistratzea. «Berez administrazio publikoen eskumena da, baina 1946ko Hipoteka Legeei esker, elizak egin zezakeen. Nahikoa zen tokian tokiko gotzaina joan eta ziurtagiri bat aurkeztea», azaldu zuen. Gipuzkoan gurtzarako eraikinak legetik kanpo geratzen ziren. «Baina egin ziren, batez ere [Jose Maria] Setienen garaian», zehaztu zuen. Mugarri juridikoak zenbatu zituen, hala nola 1978ko Espainiako Konstituzioa —«Eliza eta estatua bereizi behar zituen, baina inmatrikulazioena ez zen bukatu»— edo 1998ko legearen erreforma. Kasu horretan, gurtzarako tokiak inmatrikulatzea legeztatu zen. «Ikusi zen gisa horretako eraikin ugari inmatrikulatuta zeudela. Horretarako jabetzaren erregistratzaileen konplizitatea izan zuten», gaitzetsi zuen. 2015ean, baina, pribilegio hori bertan behera utzi zuten. Valentinek gogorarazi zuenez, bi arrazoi izan ziren horretarako. Alde batetik, eragileen mobilizazioagatik eta Kordobako katedral-meskita inmatrikulatu zutelako. Bestetik, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortu zutelako. Inmatrikulazioen kontrako mugimendua hazten joan zen, eta 2016an Recupera estatu koordinadora sortu zen.Eliza katolikoak Errenteria-Oreretan parrokia eta bi eremu inmatrikulatu zituenGipuzkoara bueltatuta, elizak 368 eraikin inmatrikulatu ditu —Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 508 dira—, horietatik hiru Errenterian: Jasokundeko Amaren parrokia, Eliza kaleko zati bat, eta Mikelazulo pareko plazatxoa. Publikotik galderak luzatu zizkioten Valentini, eta horietako bati erantzunez, esan zuen elizak eraikinak inmatrikulatu zituela, ondasunak pilatze aldera. «Hori bai, ezinezkoa da denak egoera onean mantentzea. Administrazio publikoek zaindu ditzaten arduratzen dira», gaineratu zuen. Kexatu zen elizetara sartzeko ordaindu egin behar dela, eta nahi dutenean irekitzen dutela. Frantziara begiratu zuen, bertako eredu laikoa inportatzea eskatuz. Gainera, elizak eraikinekin egiten duen negozioa gogor kritikatu zuen, bai sarrerak kobratzerakoan, baita espekulatzerakoan ere. Eliza katolikoak zirrikitu legalen itsasoan ongi igeri egiten duela adierazi zuen: OHZ ez ordaintzea, espropiatu beharreko eraikinengatik kalte ordainak jasotzea, sarreren BEZik ez ordaintzea… Orereta Laikoa taldeak beste bi hitzaldi programatu ditu. Hurrena apirilaren 24an izango da. Agustin Arrieta EHUko Filosofia fakultateko irakasleak emango du, eta erlijioak hezkuntzan duen presentziari buruz ariko da. Maiatzerako, berriz, mahai-ingurua antolatu dute, hainbat alorretako pertsonekin.


