Oraindik erabat amaitu ez duten arren, hilaren 3an ‘Erritu’ lanaren aurrerapena eskaini zuen Kukai Dantzak Donostiako San Telmo Museoan. Aurkezpen ofizialerako hilabete geratzen da.
Buru-belarri ari dira Kukaiko dantzariak koreografiari azken zertzeladak ematen.
Kukai Dantza konpainiakoak
Oskara ikuskizunaren arrakasta irensten ari dira oraindik (iazko ekainean, lan horrekin, guztira, hiru Max sari eskuratu zituzten). Emanaldi eta entsegu guztien artean, bestelako egitasmoak sortzeko tartea ere atera dute azken urtean. Joan den hilaren 3an, Donostiako San Telmo museoko elizan, sortu berri duten (eta oraindik sortzen ari diren) azken obraren aurrerapena eskaini zuten:
Erritu.
Kukaiko zuzendari Jon Mayak azaldu duenez, azken urteetan kanpoko koreografoak ekartzeko joerarekin jarraitu nahi izan dute, «beste ikuspuntu» bat daukaten horiekin elkarlanean bestelako lanak sortzeko . Hala, Sharon Fridman israeldarrak proiektuan parte hartu du, eta egun, Errenteria-Oreretako Niessen kulturgunean lanean buru-bularri dabil Maya eta taldeko dantzariekin, estreinaldi ofizialerako aurretik duten hilabeteari ahalik eta zuku gehien ateratzeko prest.
Mayak zehaztu duenez, Fridman mundu erritualarekin «oso ondo konektatzen» duen koreografoa da, eta Kukain oraindik landu gabe zuten «mugimendu bat» eskaini die israeldarrak. Gainera, Kukaiko dantzari guztiek bezalaxe, bere jaioterriko dantza tradizionalean hezitakoa da, eta pixkanaka, urteen poderioz, bestelako dantza estiloetara jauzia egin du. Fridman «berehala oso erakarrita» sentitu zela adierazi du dantza taldeko zuzendariak, eta inolako zalantzarik gabe, proiektu berrian murgildu ziren. Esperientzia, bai Maya eta Fridmanentzat, hasieratik, «oso aberatsa» izaten ari da, eta etxean bezala sentitu dela onartu du israeldarrak. Euren dantza estiloa eremu geografiko erabat ezberdinetan jorratu duten arren, Kukaiko dantzariek bere taldea osatzeko gai izango liratekeela ere onartu du.
Erritu-k, Mayaren aburuz, «gutako pertsona bakoitzak egiten duen barne bidai bat kontatzen du», eta kasu honetan, bi pertsonek batera bizitzan egiten duten bidea islatzen du lanak. Ikuskizunean zehar, batzuetan «oso barrura begirako» bide bat kontatzen dute, eta besteetan «kolektibo edo gizartearekin harremanetan» egiten duten bide hori. Mayarentzat bi plano ezberdinetan gertatzen da istorioa: «Oso pertsonalean eta kolektiboari lotuta».
Fridmanek gaur egungo erritualei egin nahi izan die erreferentzia, eta honela definitu ditu: «Gizakiak duen behar bat da, konektatuta sentitzeko, bere inguruan dauden korronteak ulertzeko, eta eguneroko gauzetan nola sakondu jakiteko». Hori da islatu nahi izan dutena.
Mayak ere gogoa zuen mundu erritualari erreparatzeko: «Gure historian, ondarean, dantzan edota musikan oso presente daude erritualak». Hasieratik, gaiari ekiteko erabakia hartu zutenetik, «espazio berezi batzuetarako» zerbait berria sortzeak asko erakartzen zuen errenteriarra. Espazio horiek dira lan berriaren ekarpenetakoak; ohiko agertokietatik aldendu nahi izan dute. «Errituen mundua landu eta hori beste esparru batzuetara eraman nahi izan dugu», zehaztu du Mayak. Natura, elizak, katedralak… Leku horietan dantzatzeko asmoa dute Kukaikoek. Ohiko antzokietako oholtzetara ere igoko direla argitu dute, eta horretarako, obra zertxobait aldatu beharko dutela.
Dantza tradizionala nagusi
Azken lanean dantza tradizionala presente dagoela azaldu du zuzendariak. Are gehiago. «Inoiz baino presenteago» dagoela esan du errenteriarrak, azken lanetan baino «agerikoagoa» dela. «Euskal folkloreko forma naturalak oso presente daude lanean», gehitu du Fridmanek. Gorputzen kontaktua lantzen duen
contact teknika gehitu dio sorkuntzari israeldarrak, eta teknika horren barruan sortu dituzte azken laneko pausoak. «
Erritu posible izan da Sharon dagoelako, baina lan hau ere posible da Kukai dagoelako», zehaztu du Kukaiko zuzendariak. Piezetako baten faltan, elkarlanagatik ez balitz
Erritu existitzea ezinezkoa izango zela nabarmendu du, eta elkarren arteko batura hori «ederra» izan dela.
Sei dantzarik kontatuko dituzte barne zein kanpoko bidai horiek: Alain Mayak, Urko Mitxelenak, Ibon Huartek, Eneko Gilek, Nerea Vesgak eta Izar Aizpuruk. Haiekin batera, David Azurza kontratenorra izango da, ikuskizuna musikaz girotzen. Gainera, gehiegi aurreratu nahi izan ez duen arren, abesbatzen munduarekin ere kolaborazioa izango dela adierazi du Mayak, eta orain arte Errenteria-Oreretako Landarbaso Abesbatzarekin elkarlanean aritu direla.
Hilabete dute Kukaiko kideek obrari azken zertzeladak emateko
Erritu hitza erlijioarekin lotu izan da maiz, baina Mayak argitu duenez, ez dute zentzu horretan jorratu. «Gizakiok dugun behar horretatik, norbere buruari begiratzekotik, gure sinesmenei esplikazioak bilatzetik», hortik bideratu dute lana. Fridmanek nabarmendu duenez, ohiko antzinako errituetatik harago joan nahi izan dute.
San Telmo museoko elizan egindako aurrerapen horretan, lanaren lehen zatia besterik ez zuten aurkeztu. Apirilaren 30ean dute aurkezpen ekitaldi ofiziala, beraz, oraindik hilabete luze dute aurretik lanari azken zertzeladak emateko.
Jon Maya eta Sharon Fridman, entsegu batean.
Jon Maya: «San Telmokoa oso puntu garrantzitsua izan zen, orain arte inork ez zuelako lana ikusi, eta inolako
feedback-rik gabe ginelako». Ordu erdiko saioa eskaini zuten Donostian, baina
Erritu-k, guztira, ordubeteko iraupena izango duela argitu dute Kukaikoek. Ikuskizunaren aurkezpenaren gaineko balorazio oso baikorra egin du Kukaiko kideak: «Inpaktu bat sortu zuen, baikorra. Kontziente izanik oraindik falta zaigun guztiaz, erreakzioa oso ona izan zen».
Hurrengo sei asteetan, koreografia garatu, musika erabat zehaztu eta erabiliko dituzten jantzi eta apaingarriak aukeratuko dituzte, obra behin betiko amaitzeko. Jarduera frenetikoan ari dira lana guztiz osatzeko bide horretan.
Esperientzia kolektiboa
Azken lanarekin ikusleak ere erritu baten parte direla sentiarazi nahi dute. Mayarentzat, «ikuskizuna baino gehiago» da. «Esperientzia moduan komunikatzen ari gara, ez ikuskizun moduan». Eta horren adierazle garbia da datorren hilean egingo duten estreinaldiaren kokalekua: Aralarko San Migel. Bertan, ikuskizunaren «prebia» moduko bat egongo dela kontatu du Mayak, eta handik zuzenean ikuskizunera gidatuko dituztela ikusleak. «Esperientzia kolektibo» bezala ulertzen dute
Erritu, publikoa ere ikusten ari direnaren parte sentitzea nahi baitute, bidai horrek norberaren barnealdean sortzen dituen sentsazioak ere ikuskizunaren zati direlako Kukaiko kideentzat eta Fridmanentzat.
Sei dantzariez gain, David Azurza kontratenorrak ere parte hartuko du
Taldeak interpretatuko duen bidai horrekin ikusleak «identifikatuta» sentituko direla azaldu du Kukaiko zuzendariak, neurri batean ikusleek euren buru eta biografia pertsonalaren zati bat ikuskizunean bertan islaturik ikusiko dutelako. Hori da plazaratu nahi izan duten mezuetako bat. «Lanak agerian uzten du norbera bere barrura begiratzearekin batera, ingurukoekin hartu-emana izatearen behar hori», nabarmendu du.
Erritu-n buru-belarri ari diren arren, oraindik
Oskara-rekin biran dabiltza Kukaiko dantzariak. «Primeran» doala onartu du errenteriarrak, Bartzelonan, Madrilen edota Granadan azken aldian egin dituzten emanaldiak «izugarriak» eta «oso jendetsuak» izan direlako. Urtea amaitu bitarte lepo egongo dira Oskara-rekin eta 2019an ere luzatuko direla argitu dute. Gutxi ez balitz,
Oskara-z gain, udararekin bat,
Topa ikuskizunarekin beste urte batez herriko kaleak dantzaz beteko dituzte.
Aurkezpenera joateko Errenteria-Oreretatik autobusa antolatzen ari dira
Errenteria-Oreretako bizilagunek zuzenean Aralarko San Miguelen eskainiko duten
Erritu-ren lehen emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute. Autobus bat antolatzen ari dira hara joateko, eta hogei euroren truke, bidaiaz gain, esperientzia eskainiko diete nahi duten herritar guztiei. Datozen egunetan
www.kukai.info webgunean informazio gehiago emango dutela jakinarazi dute dantza taldetik.
Erritu-k berehala zeharkatuko ditu Euskal Herriko (eta ziur nazioarteko) natura eremu, eliza, katedral eta antzoki nagusiak. Herritar orori, bidaia berri horretan parte hartzera animatu diote, esperientzia kolektibo horren zati izatera.