Asteazkenean Espainiako Tele 5 katearen Got Talent saioan parte hartu zuten finalaurrekoan eta hura gaindituta, finalean dira.

Sonakay taldea euskal doinuak eta flamenkoa uztartzen ditu, fusio ederra sortuta.
Pozik da
Sonakay taldea, finalera pasa delako. Asteazkenean Espainiako Tele 5 katearen
Got Talent saioan parte hartu zuten finalaurrekoan eta hura gaindituta, finalean dira. Publikoak gehien bozkatu zuen bigarren taldea izan zen, eta epaimahaiak aho batez erabaki zuen finalean izan behar duela Sonakayk. Zuzenean egin zuten emanaldia eta sentsazio ezin hobearekin gelditu direla dio Joni Camacho abeslariak: “Soinuarekin akatsen bat izan zen, ez zegoen baina gure esku, eta orokorrean ezin hobea izan da esperientzia”.
Euskara eta gaztelera fusionatu zituzten, gitarra flamenkoa eta txalaparta uztartu, Carmela Greco dantzariak edertu zuen emanaldian. Leo Ferre abeslariaren
Avec le temps aukeratu zuten finalaurrekorako, Pier Paul Berzaitzek euskaratu eta Monse Cortesek gaztelerara moldatu zuen abesti hori, eta Sonakayk bi hizkuntzetan abestu zuen: “Aukeratu genuen abesti hori ukitzen gaituelako, iristen delako. Denboraz mintzo da, denborarekin itzaltzen doazela gauzak dio. Askatasunari abestu genion Txoria Txori kantuarekin, eta orain, maitasunari eta desamodioari abestu nahi genion”.
Txalaparta txertatzeak pisua eman diola emanaldiari argi du Camachok, “musikalki, zein kulturalki, eta edozein instrumentuk ez du lortzen hori”.
Finalari begira jarri dira orain, apirilaren 11n izango da, eta urduri baino, tentsioa sumatzen dutela azaldu du abeslariak: “Hamabost egunean zer prestatu dezakegun pentsatzen ari gara. Helburua harritzen jarraitzea da, finalerako egokia den emanaldia egokitzea”. Hasieratik joan diren bezala joango direla finalera erantsi du: “Castinga ez genuela gaindituko pentsatuta joan ginen eta gainditu genuen, finalaurrekoa ere. Garena ematera, kantatzen duguna eskaintzera joango gara, orain arte bezala, bihotzez, benetan eta umiltasunez. Ikusten dena, garena da”.
Ez dute ezer aurreratu finalari begira. Hainbat abesti dituztela eta horien artean aukeratu behar dutela orain eta egokitu esan du Camachok eta jendearen ekarpena eskertu du: “Facebook bidez ari dira proposatzen abestiak, eta jendeak zer entzun nahi duen esatea ekarpen izugarria da guretzat. Zoragarria”.
Abestia zein izango den ez dakite, euskara baina, presente egongo da finalean ere, “hori oinarria da”.