Auzoan egiten ari diren lanen bigarren fasea hasi dute gaur; goizetik arratsaldera ezingo da Karrikako bidetik pasatu
Ibilgailuak Beheko Errotan utzi beharko dira, itxiera orduetan.
Orain dela hilabete eskas hasi zituzten Karrika auzoari beste itxura bat emango dioten lanak. Gaur bigarren fasean sartu dira, eta horren ondorioz, Karrikako bide nagusia itxita egongo da eguneko hainbat ordutan.
Zehazki, 08:00etatik 17:30era ezingo da bertatik pasa. Horregatik, Oiartzungo Udalak auzotarrentzako aparkalekua prestatu du Beheko Errotan, itxiera ordu horietan erabiltzeko. Bestalde, Arraskueko irteera errepidea larrialdi egoeretan bakarrik erabiltzeko eskatu dute. Herribide hori noranzko bakarrekoa izango da obrek irauten duten bitartean, eta udalak eskatu du trafiko seinaleei arreta berezia eskaintzea. Goikoetxetik sartu eta Pagoaldetik atera beharko dute erabiltzaileek.
Bigarren faseko obra horiek lau asteko iraupena izatea espero dute.