Makinaria lantegian ordubeteko geldialdia eta elkarretaratzea egin dituzte; langilea kaleratze gehiago egotearen beldur dira.
Lantokiaren atarian egin dute protesta.
Geka makinaria enpresako langileek ordubeteko geldialdi sinbolikoa eta elkarretaratzea egin dituzte gaur goizean. Pasa den astean bost langile kaleratu zituzten, 70 langileko taldetik. Enpresa komitetik azaldu dutenez, orain arte kaleratzeak egon dira, baina kontratuak bukatu zirelako.
“Lehengo asteazkenean hasi ziren kaleratzeak, eta ostegunean beste bi egon ziren. Ezer antolatzeko denborarik ez dugu izan, eta protesta sinboliko moduko bat egin dugu gaur goizean”, esan du enpresa komiteak. Orain zuzendaritzak zer esango dien itxoiten ari dira; ea bi aldeen arteko bileraren bat egiteko asmorik baduten.
“Enpresa dirudienez bideragarria da”, zehaztu dute enpresa komiteko kideek, “baina gure gainetik daudenen artean interes ekonomikoak daude, eta ez dakigu nola bukatuko den. Azkeneko 6-7 urteetan plantilla asko murriztu dute”. Langileek ez dakite kaleratze gehiago egongo den ala ez, eta ziurgabetasun batean daude. “Uste dugu kaleratze gehiago, edo zerbait gehiago, egon daitekeela”.