Ekainaren 10eko giza katean izena emateko eta kamisetak erosteko aukera egongo da ostiraletan; gaur 'Elkarrekin-Together' ikustera joateko animatu dute
Fermiñenen irekiko dute bulegoa, ostiral arratsaldetan.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko giza katea egingo dute Donostia eta Gasteiz artean, Bilbotik pasatuz, ekainaren 10ean. Oraingoan ere, duela lau urte bezalaxe, Gure Esku Dagok antolatu du. Martxoaren 23an aurkeztu zuten, eta
orduan jakinarazi zutenez, milatik gora oiartzuar behar dira bertan parte hartzeko. Orio eta Zarautzen arteko zatira joango dira, 23. eta 24. kilometroetara.
Samurra ez den erronka prestatzen hasi dira herrian, eta horregatik, bulegoa irekiko dute Fermiñene eraikinean. Giza katean izena eman nahi dutenak bertatik pasa daitezke, eta kamisetak erosteko aukera ere egongo da. Ostiralero irekiko dute, 18:00etatik 20:00etara.
Bestalde, gaur arratsaldean eskainiko duten
Elkarrekin-Together dokumentalera joateko deia egin dute. Oiartzun Azmarrin-ekin batera antolatu dute saioa, eta proiekzioaren ondoren Angel Oiarbiderekin solasaldia egongo da. 19:00etan jarri dute zita, udaletxeko pleno aretoan.