Haurtzaro Dantza Taldeak, seigarren urtez, Dantzari Txiki Eguna antolatu du; egun osorako ekitaldiak antolatu dituzte
Haurtzaro Dantza Taldeko eta udaleko ordezkariek Dantzari Txiki Egunean parte hartzera animatu dute.
Haurtzaro Dantza Taldeak Dantzari Txiki Eguna antolatu du iganderako. Seigarren urtez ospatuko dute, eta beste hainbeste dantza talde gonbidatu dituzte oiartzuarrek. Gaur aurkeztu dute dantza taldeko Amaia Sanzberrok, Araitz Iparragirrek eta Udane Altunak eta udaleko Kultura zinegotzi Josune Cousillasek.
Guztira, 260 haur dantzarik hartuko dute parte, talde honetakoak: Oarsoaldetik Ereintza (Errenteria-Orereta) eta Murixka (Lezo) hurbilduko dira; Gipuzkoatik, Udaberri (Tolosa) eta Aurtzaka (Beasain); Eugiko nafarrak eta Indarra taldeko gasteiztarrak.
Igandeko ekitaldietan parte hartzeko deia egin dute Haurtzaro Dantza Taldeak eta udalak. “Udalak euskal kultura eta folklorearen kimuak diren horien emanaldiekin gozatzera gonbidatu nahi ditu herritarrak”, esan du Cousillasek. Haurtzaro Dantza Taldeak egiten duen lana ere eskertu du.
Egitaraua
- 10:30ean: Hamaiketakoa, Haurtzaro Ikastola.
- 11:30ean: Kalejirak eta dantza emanaldiak, Landetxe eta Euskal Herria plazetan.
- 12:45ean: Dantza emanaldia, Done Eztebe plazan.
- 13:45ean: Bazkaria ikastolako jantokian. Txartelak salgai daude, Haurtzaro Ikastolako idazkaritzan. Helduen txartelek 12 euro balio dute, eta haurrenek, 6.
- 16:15ean: Erromeria Done Eztebe plazan, Elizagoien ahizpekin.