XXXIX. ekitaldia egingo dute, plazatik abiatu eta Gurutzeko elkartean bukatzeko; berritasun batzuk sartu dituzte ibilbidean

Iazko ibilaldiak arrakasta handia izan zuen; eguzkia bera ere lagun izan zuten.
Gurutzeko Bizardia elkarteak urteroko ibilaldi neurtua prest du jada. Hilaren 22an, igandea, izango da; Done Eztebe plazatik abiatuko dira eta elkartearen egoitzan bukatuko dute. Berrogeigarren ekitaldi biribilaren atarian daude, hurrengo astekoa XXXIX. aldia izango baita.
Bizardia elkarteko Jesus Olaizolak jakinarazi duenez, ez zaie erraza egiten, hainbeste urteren ondoren, ibilbidean berritasunak sartzea. Baina saiakera egin, eta aurten hiruzpalau toki eta bidezidor berri egingo dituztela azaldu du.
07:30ean irtengo da lehen taldea, plazatik, eta hau izango da egingo duten ibilbidea: Portugal baserrira abiatuko dira; ondoren, Ozentzio eta Elorrietako kaskoa pasatuko dituzte —”Elorrietako kaskotik ikusten diren bistak oso politak dira”, ziurtatu du Olaizolak—; Zorrola zubia gurutzatu eta Portuberriko makinetxera abiatuko dira. Gurutzera iritsi aurretik, bidegorria, Burkondo, Bosbideta eta Ameztoietaberri zeharkatuko dituzte. Izen emateak hiru euro balioko du, eta taldeka edo bakarka egin daiteke zeharkaldia.
Gustuko goiz pasa
Ibilaldia bukatuta, hamaiketakoa egingo dute Bizardia elkartean, indarrak hartzeko. Iazko ibilbidea arrakastatsu moduan definitu du Olaizolak. “Aurreko urteko arrakastak adierazten digu Oiartzungo eta beste herrietako mendizaleak gustura etortzen direla Oiartzun eta inguruko bide berriak ezagutzera”, zehaztu du.
Bere oroitzapenak propioak gogorarazi ditu: “Gogoratzen naiz nola hasi nintzen deskubritzen bazter politak Bizardia Elkarteari esker, duela urte dezente. Orain guri dagokigu hori hurrengoei transmititzea. Anima zaitezte beste behin, edo lehenengo aldiz; ez zarete damutuko”.