Datorren ostegunean, hilak 19, aurkeztuko dute proiektua; Ondarearen Mahaia sortu nahi dute artxiboa gauzatzeko asmoz
Ahalik eta eragile kultura gehienek parte hartzea nahi dute.
Oiartzungo Herri Artxiboa sortzeko proiektua hasi da lehen urratsak ematen. Oiartzungo Udaleko Kultura Sailak eta artxiboaren talde eragileak egitasmoaren nondik norakoak aurkeztuko dituzte datorren ostegunean, hilak 19. Manuel Lekuona bibliotekan bilduko dira, 19:00etan.
Oiartzungo historia eta kultura aberatsa herritar guztien ondare bihurtzeko asmoa dute, artxibo batean jasota. Udalak hainbat herritarren eskariari erantzun nahi dio horrela, eta hasi dira pixkanaka bidea urratzen.
Hala ere, herriko kultura eragileen —izan kolektiboak edota indibidualak— parte hartzea ahalik eta zabalena izatea nahi dute. Horretarako, Ondarearen Mahaia sortu nahi du udalak.
Ondarea, historia eta kulturarekin interesaturik dauden herritar guztiak gonbidatuta dituzte osteguneko aurkezpenera.