Oiartzun-Karaez komiteak eta AEK-k, udalaren laguntzaz, Redadegen 11. ekitaldira bidaia antolatu dute, maiatzaren 8tik 13ra
Bretoieraren aldeko lasterketara joango dira maiatzaren 9an.
Bada Euskal Herria mundu mailan erreferente den arlo bat —gutxienez—: hizkuntza propioaren aldeko ekimenak sortzen. Korrika lasterketaren eredua hainbat herrialdeetara esportatu da, tartean Bretainiara.
Orain dela hamar urte egin zuten, lehen aldiz, Redadeg, Korrikaren formatu bera duena. Lehenengo urte hartan 600 kilometro egin zituzten, eta aurtengoan 1.800 izango dira. Dimentsio handia hartu bretoieraren aldeko lasterketak, eta 24 orduz aritzen dira lasterka, etengabe. Aurten Kemperren (Quimper) hasiko da, maiatzaren 4an, eta Plougernen (Plouguerneau) bukatuko da, maiatzaren 12an.
Asteburu pasa
Bi hamarkada baino gehiago dira Oiartzun eta Karaez (Carhaix) senidetu zirela. Bi herrialdeen arteko loturak indartzeko lanean jarraitzen dute. Esaterako, duela gutxi
hainbat ikasle bretoik Oiartzun bisitatu zuten. Hezkuntzan ez ezik, hizkuntzan ere eragin nahi dute, eta horregatik, Redadegera joateko autobusa antolatzen ari dira Oiartzunen.
Oiartzun-Karaez Senidetza Taldea eta AEK ari dira buru belarri lan horretan, udalaren babesarekin. Maiatzaren 9an (asteazkena) irten nahi dute Oiartzungo biblioteka ondoko geltokitik (22:00etan aterako da autobusa), hil horren 13an bueltatzeko.
Arrazoizko prezioa jarri diote: 50 euro. Bidaia, lotarako aterpea eta gosaria sartuko dira prezioaren barruan. Lotarako lekuak hango diwanekin —bretoiera hutsezko eskolak— lotu dituzte. Oiartzuarrek lehentasuna izan dute, eta gaur zabaldu dute gainontzeko herritarrek izena emateko epea, hilaren 30era arte (oiartzuarrek izena eman dezakete oraindik). Izena emateko Oiartzungo udaletxetik pasa daiteke, edo
e-posta bidez idatzi.
Helburua azkeneko etapetan parte hartzea izango da, Brest hiriaren inguruan. Bai AEK-k, bai Oiartzun-Karaezek, baita udalak ere beren kilometroa erosi dute, eta bertan parte hartuko dute. Inguruko hainbat eragilerekin hitz egiten ari dira, kilometro gehiago erosteko.
Kilometroen salmentan ez ezik, Redadegek badu Korrikarekin beste zerbaitetan antza: abestia dutela. Ez du Xabier Saldiasek abesten, baina erritmo karibetarrek segituan harrapatzen dute.