Txapula bat eraikitzen ari dira Albaolan, auzolanean, biblioteka berriaren haurren irakurketa txokoan jartzeko.
Plenoa bilduko da bihar, hileroko ohiko deialdian (19:00etan, Arizabalon), eta Donibaneko Bibliotekaren Lagunek jakinarazi dutenez, biharko udalbatzarrean onartzen badute Ubera izena jarriko diote Donibaneko biblioteka berriari.
Parte hartze prozesu baten bidez hautatu dute izena sanjuandarrek, herritarren
ekarpenak jaso eta eztabaidatu ondoren.
Ubera itsasontzi batek uzten duen arrastoa da. Horixe izenaren adiera nagusia, baina sanjuandarrek “itsasoari lotutako sinbologia zabal eta positiboa” eskaintzen duen izena delako eta “herriko eguneroko bizimoduan hitz ezaguna delako” hautatu dute. Arraun munduan asko erabiltzen duten hitza da.
Horrez gain, uberari loturiko adierak liburutegiaren inguruko imajinario bat sortzeko aukera ematen duela defendatu dute izenaren bultzatzaileek.
Maiatzean inauguratuko dute biblioteka berria, hilaren 25ean, eta asteburu horretarako hainbat kultur ekitaldi prestatzen ari dira irekiera ospatzeko.
Larrialdi Plana eta Duintasunaren mozioa
Pasaiako Udal Larrialdi Planaren behin betiko onarpena, datorren ikasturterako zerga ordenantzen aldaketa edota iazko aurrekontuaren likidazioaren berri ematea daude, besteak beste, biharko gai zerrendan.
Mozio bat ere ageri da, Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsiodunen Duintasuna elkarteak proposatutakoa.
Gai zerrenda