Lokal berrian herriko kultur eragileek eta taldeek entseatzeko aukera izango dute. 19:00etan hasiko da Kale Nagusiko azpiegitura estreinatzeko ekitaldia.
Honako itxura du kultur lokal berrituak.
Ostirala 19:00etan. Egun eta ordu horretan inauguratuko dute Lezoko Kale Nagusiko kultur lokal berria. Herritar guztiak gonbidatu ditu udalak zabaltze ekitaldira, eta tartean, Murixka Dantza Taldearen emanaldiaz, eta Desfile Taldekoen argazki muralaz gozatzeko aukera egongo da. Noski, espazio berriaren txokoak ezagutzeko, ikusteko, aukera izango dute lezoarrek.
Ostiralean inauguratu. baina jada bertan hasi dira lanean Lezoko kultur eragileak, entseguak egiten eta materiala eramaten. Joan den astean jaso zituzten aretoko giltzak. Hasi dira azpiegitura berriari bizitza ematen.
Elkarlanean atondu dute lokala udalak eta herriko eragileek, eta taldeen beharretara egokitu dutela adierazi du udalak. Gainera, Kale Nagusiari kolore alaiagoa emango dio aretoak, Andreone liburutegiarekin parez-pare egonda, kulturari lotutako eremua izango baita zonaldea. “Kultur jarduera sustatzeaz eta herriko taldeen lana balioan jartzeaz gain, horiek babestea ezinbestekoa iruditu zaigu, eta lokal berriak helburu horri erantzuten dio”, esan dute gobernu taldeko kideek.