Bihar zabalduko ditu ateak Fanderiako Errota, Ibaiaren Etxeak. Oiartzun eta Urumea ibaiak ardatz bezala hartuta, herriko ondare natural eta flubiala erakusketa batean elkartu dituzte.
Fanderiako errota osorik berritu bitartean, beheko solairuan interpretazio zentro bat ireki berri dute: Fanderiako Errota, Ibaiaren Etxea.
Errenteria-Oreretako Fanderia auzoko errota zaharra historia luzeko industria eremua da. Lehen erreferentzia 1450. urtekoa da, baina udaletik diotenez, aurretik ere martxan izandakoa da. Ordutik, askotariko jarduerak egin dituzte bertan: fanderia, irin errota, irin fabrika eta pentsu fabrika gisa erabili dute. 1996an ateak itxi behar izan zituen, eta eraikina berritzeaz gain, ingurua urbanizatu zuen udalak. 2003an berriz ere irekitzeko erabakia hartu arren, bertan behera utzi zuten proiektua. Handik urtebetera, ordea, errota ondare historiko eta arkeologiko izendatu zituen udalak, eta ordutik, auzoko eraikin publiko zaharrena eraberritzea izan da erakundearen asmoa, herriko ondare naturalaren erdigune bilakatuz.
Errota erabat amaitu bitartean, lehen erabakia errota zaharraren beheko solairuko instalazioa erabiltzen hastea izan dela argitu du Errenteriako Udaleko Ingurumen teknikari Iñaki Azkaratek, eta bertan interpretazio zentro bat inauguratu berri dute. Atzo egin zuten aurkezpen ofiziala, eta bihartik aurrera, zentroa bisitatzeko aukera izango dute errenteriarrek eta hala nahi duten bisitari guztiek.
Herritik igarotzen diren Oiartzun eta Urumea ibaiak ardatz gisa hartu dituzte, eta horien bilakaera Fanderiako Errota, Ibaiaren Etxea izeneko interpretazio zentro berrian elkartuko dituzte. Bi areto nagusitan banatu dute interpretazio zentro berria eta bertan, besteak beste, inguruko ondare naturalaren azken ia 600 urteotako ibilbidea ikusteko aukera izango dela kontatu du teknikariak: «Ondare kulturala, ondare naturala eta bereziki ondare flubiala izango dira protagonista nagusiak». Bioaniztasuna, basoak, errekak, fauna eta flora, inguruko parke naturalak… Denetarik egongo da ikusgai. Oiartzun eta Urumea ibaien garapena, garrantzia eta eboluzioa zazpi panel erraldoietan kondentsatu dute, argazki eta testuekin. Era berean, kultur ondare gisa, bi ikus-entzunezko ikus daitezke bertan, errotaren funtzionamendua eta historia kontatuz.
Hori gutxi balitz, errota berriz ere lanean ikustea izango da bisitarientzat prestatu duten amu nagusietako bat. 60 urte luzeren ondoren, berriz ere lanean jarriko dituzte errota zaharreko ehotzearen mekanismoa eta errotarriak.
Proiektua erabat definitu aurretik, teknikariak zein udaleko zenbait zinegotzi Iruñerriko Arga ibaiko parke naturalean izan zirela azaldu du Azkaratek, eta bertako eredua baliatu zutela proiekturako: «Bertan dagoen San Andres errotan izan ginen, eta aztertu genituenen artean Fanderiako errotarekin antzekotasun gehien zituena izan zen hura. Hangoa eredu gisa hartu genuen hemengoa eraberritzen hasteko».
Zentroaren sarreran errotaren makineria lanean ikusteko aukera izango da.
2019rako, amaituta
Teknikariak kontatu duenez, atzetik dator egitasmoa jorratzeko nahia. 2015ean udalak onartutako Errenteria 2025 planarentzako hainbat lerro estrategiko ezarri zituzten, eta horietako bat izan zen Oiartzun Ibaiaren Ingurumenaren Ekintza Plana jorratzea. Planaren barruan, bestelako ekintzen artean, helburu nagusietako bat «itxita zegoen Fanderiako errota berraktibatzea» izan zen. Lehen pausoa dagoeneko eman dute, eta 2019rako proiektua erabat amaitzea aurreikusten dute udaletik.
Añarbeko mankomunitatearen laguntza jaso du udalak proiekturako, hark ere finantzatu baitu egitasmoa. Bilboko Ortzadar izan da zentro berriaren azalpenak emateko edukiak sortu eta landu dituen enpresa, eta harekin batera Pasaiako Itsasgela elkartea ere aritu da. Bestalde, Azkaratek zehaztu duenez, Añarbeko mankomunitateko langileek kudeatuko dituzte Ibaiaren Etxearen bisita gidatu zein arreta zerbitzu guztiak.
Azken urteotan herriko ondare naturalak aurrera pauso garrantzitsuak eman dituela nabarmendu du Azkaratek. Horren «adibide garbia» da, teknikariaren aburuz, egun Oiartzun ibaian bertan ikus daitekeen izokin atlantiarra. Adierazi duenez, espezie horren erreferentziarik ez da faltako interpretazio zentroan, hori baita, bere ustez, «Ibaiaren Etxearen izarretako bat». Izokinaz gain, Errenteria-Oreretako ibaietako buruetan edota basoetan aurki daitezkeen bisoi europarra edota muturluze piriniarraren egoeraren gaineko informazioa ere eskainiko dutela jakinarazi du Ingurumen teknikariak.
Azkaratek nabarmendu du errotak ez duela azken mendeetako funtzionamendu berbera. Garai batean bezala urarekin lan egin beharrean, indar elektrikoaz baliatzen da egun Fanderiako errota zaharra. Halere, ehunka urte dituen gailua lanean ikustea ikusgarria dela esan du.
Errotaren historia eta bilakaera bi bideotan bildu dute.
Interpretazio zentroa eraikinaren berraktibazio prozesuaren lehen pausoa izango da soilik. Hemendik hilabete batzuetara, udara aldean, eraikinaren beste eremuen hobekuntzari ekingo diote. Horrela, teilatua konpondu eta ostalaritza ekipamendua berrituko dute. «Ostalaritza, eta ingurumen jarduerak nahiz kulturalak sustatuko dituen enpresa bat lortzea izango da hurrengo pausoa», zehaztu du Azkaratek. Horrez gain, igogailu bat eraikiko dute, bisitariak goiko solairuan egingo duten erakusketara bideratzeko.
Jada, bihartik aurrera, Fanderiako errota enegarrenez martxan ikusiko dute errenteriarrek. Bertaratzeko interesa duen orok, larunbat, igande eta jaiegunetan interpretazio zentro berria bisitatzeko aukera izango du, 10:00etatik 14:00etara. Bestalde, bisita gidatuak erreserbatzeko aukera izango da,
www.oarsoaldeaturismoa.eus webgunean, edota 943 49 46 21 telefono zenbakira deituz. Sarrera guztiz doakoa izango dela jakinarazi dute Errenteriako Udaleko Ingurumen sailetik, eta herritarrak bertaratzera animatu dituzte. Informazio gehiago,
ingurumena.errenteria.eus webgunean aurki daiteke.