Tabernek Itsas Festibalean kanpoko barra jartzeko baimena eska dezakete

Ostalariek HAZ bulegoetan aurkeztu behar dituzte eskaerak.

Donibane, San Pedro eta Trintxerpeko ostalaritza lokalek aukera izango dute Pasaiako Itsas Festibala bitartean kanpoko barrak jartzeko, baita terraza handitzeko ere, Pasaiako Udalak jakinarazi duenez. Hilaren 17an hasiko da festibala eta 21era arte luzatuko da, eta bost egun horietan jendetza espero dute udalerrian, itsasontzi tradizionalen topaketak erakarrita. Barra jarri edota terraza handitu nahi duten ostalariek HAZ bulegoen bidez egin behar dute eskaera, baina udalak aldez aurretik hainbat baldintza zehaztu ditu:
  • Kanpoko barra ez da izango tabernaren fatxada baino luzeagoa.
  • Barra fatxadaren kontra jarriko da, eta ez da 1,50 m baino gehiago  kanpora aterako.
  • Espaloian oinezkoak ibiltzeko nahikoa leku utziko da.
Terrazetarako ere hainbat baldintza zehaztu dituzte:
  • Mahai gehiago jarri nahi izanez gero, ezin izango da lokalak baimenduta daukan kopuruaren % 40 gainditu.
  • Baimen berezi horiek Udaltzaingoak gainbegiratuko ditu, eta Udaltzaingoak onartu edo ukatuko ditu.
  • Baimen horiek ez dituzte Jaialdiaren barruan programatutako jarduerak oztopatuko.
Azkenik, lokalen arduradunei gogorarazi diete establezimenduen kanpoaldean ezin zirela megafonia eta bozgorailuak jarri, eta ordutegiak edota baimen horien baldintzak betetzen ez dituztenei isunak jarriko dizkietela ohartarazi dute.      
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.