Bi hamarkada bete ditu Orratx! antzerki taldeak. Hasierako gogo berarekin jarraitzen dute lanean. ‘Gau festa’, ekainaren 9an estreinatuko dute etxean.
Orratx! antzerki taldeko kideak lokal berrian.
Hogei urte bete ditu Lezoko Orratx! Antzerki Taldeak oholtza gainean euskaraz antzezten. Urteurrena ospatzeko antzezlan berriarekin buru-belarri ari da orain. Gau festa izango da lan berria, eta duela hamar urte bezala, Markesanen atonduko dute antzokia. Bidaia izango da, Orratx!-ek bi hamarkada hauetan egin duen bidearen barruko bidaia, eta horretarako, Lezoko antzerki taldeak oholtzara eraman dituen obra guztiak ez, baina euren ibilbidea markatu dutenak izango dutela tartea azaldu du Lierni Fresneda zuzendariak.
Harago jo du Bego Azpiazu antzerki taldeko kideak, «magia egingo dugu emanaldi horretan», eta Mertxe Larrea lagunak erantsi du hogei urte ere gaztetuko direla aktoreak. Berezia izango da Orratx! Antzerki Taldearen lan berria, urteurrenaren harira, taldetik pasa eta dagoeneko bertan ari ez den jende ugari bildu dutelako.
«Entseguak izugarriak izaten ari dira, oso ederrak», azaldu du Fresnedak: «Lehenengoan, hamahiru emakume zeuden oholtza gainean, eta horrek xarma eman dio prozesuari». Ekainaren 9an estreinatuko du etxean lan berria Orratx!-ek, 22:00etan hasita eta herritarren aldetik betiko erantzuna jasotzea espero dute aktore amateurrek, ona. Herriaren aitortza eta babesa dutela sentitzen dute guztiek, Lezon antzezlan bat aurkeztu duten bakoitzean lepo betetzen delako emanaldiaren tokia, «jendearen babesa izugarria da. Arrakasta handia dute gure lanek, jendeak erantzuten du».
Konplizitatea gakoa
Babes hori hogei urtez bizirik mantentzeko gakoetako bat izan daiteke. Ez, ordea, bakarra. Aktore lanetan aritzen diren guztiek argi dute Fresneda dek¡la arrakasta horren erantzuleetako bat; «bizirik jarraitzea, lan berriak sortzen eta lanerako gogoarekin, zuzendariarengatik da. Profesionala da, badaki zer egiten duen, badaki irudikatzen, hark tiratzen du, eta guk ahal dugun moduan ahalik eta ondoen egiten saiatzen gara. Hura gabe ez legoke talderik».
Antzerki taldeko kide dira Joseba Salaberria, Xabino Larrea eta Maite Viaña ere, eta zalantzarik ez dute, «motorra da, gaitasuna eta indarra du». Fresneda, ordea, ez dago oso konforme, «taldea da garrantzitsua hemen, bakoitzak du bere tokia, eta banan-banan bakoitzak bere garrantzia».
Taldeari erreparatu dio Viañak, eta taldeaz gain, lagunak ere badirela azaldu du,«oso ondo moldatzen gara gure artean, primeran pasatzen dugu gustuko duguna egiten». Hala da, taldekide eta zuzendariaren arteko konplizitatea berehala sumatzen da, giroan dago, baita lanean eta antzerkia euskaraz egiten jarraitzeko gogoa ere.
Mertxe eta Sabino Larrea hasieratik dira taldean, eta atzera begira jarrita aldaketa askorik ez dutela sumatu diote, «funtzionatzeko modua berbera da, hori bai, antzerkiaz gehiago ulertzen dugu». Obretan dago alde nagusia, «handia» Sabino Larreak nabarmendu duenez, «lehen Dario Foren lanak hartu, euskaratu, eta antzezten genituen, eta orain guk geuk sortzen ditugu gure lanak, gai sakonak lantzeko gehienetan». Ildo beretik mintzatu da Azpiazu, «hasieran lana euskarara itzuli eta antzeztu egiten genuen, eta kito. Orain, berriz, gure lanak guk geuk sortzen ditugu. Sortzaile eta antzezle gara, beraz, eta horrek lan bat eskatzen badu ere, izugarri atsegina da».
Itzulia hala haiek sortua, beti euskaraz josten ditu lanak eta hitzak Orratx!-ek, horrela ulertzen dute antzerkia, euskaraz, eta hala bizi dute.
Sormen «puntu hori» polita dela dio Viañak. Hura eta Salaberria duela lau urte heldu ziren taldera: «Bakoitzari abesti bat aukeratu eta ekartzeko eskatu zigun Liernik. Gu antzerkira hurbilketa egitera etorri ginen, pentsatu genuen testua ikasi beharko genuela, eta besterik ez». Bertigoa sentitu zutela aitortu dute Viañak eta Salaberriak, «sormen puntu hori oso bizia izan zen, oso polita, eta asteartero eta ostegunero egiten genuen lana izugarria izan zen».
Inprobisazioa aipatu du Salaberriak, «inprobisatu egin genuen nondik joan erabakitzeko, hori ere interesgarria izan zen».
Lokal berria taldearentzat
Gezala izan da Orratx!-en etxea duela bi astera arte. Udalak lokalak atondu ditu eta horietako batean ari da orain antzerki taldea, Kale Nagusian. Aldaketak Orratx Txiki taldean ari diren haurrentzat batez ere positiboa izan dela esan du Fresnedak, «ostiral arratsaldetan elkartzen dira entseguak egiteko eta Gezalan bestelako programazioa antolatzen bazen, buruhaustea zen haurrekin atzera eta aurrera ibiltzea. Leku finko bat dute orain eta garrantzitsua da. Guri Gezala asko gustatzen zitzaigun, luxua zen, oso leku berezia».
Ideia horretan sakondu du Azpiazuk ere, «Gezalan ez duzu imajinatu behar nolakoa izango den oholtza gainean egotea, oholtza gainean ginelako jada. Lokal berrian ez daukagu hori, eta zentzu horretan galera puntu bat sentitzen dugu. Egia da, ordea, lokal berriarekin ez dugula baimenik eskatzen ibili behar, edota gure entseguak moldatzen, bestelako ekitaldiak antolatuta daudelako. Lehentasuna dugu lokal berrian, eta horrek segurtasuna ematen digu».
Deialdia ere egin dute antzerki taldeko kideek; «betikoa» dela diote: «Jendea behar dugu, euskaraz dakiena edota euskaltegian ikasten ari dena, eta ahal dela gaztea, taldearen batez besteko adina jaisteko» [barre egin dute]. Adina alde batera utzita, hurbiltzen den oro besoak zabalik hartuko dute taldean, «jendea animatu nahi dugu hurbil dadila eta ezagutu dezala proiektua».
Horretarako astearte eta ostegunetan Orratx! taldearen lokal berrira joatea dute, 19:00etatik 21:00etara, edota
posta elektronikoa erabilita mezua bidaltzea. Ziur ez dela damutuko hurbiltzen dena.