Juneren Hegoak Kirol Eguna antolatu dute lehenengoz, Errenterian. Horren barruan Juneren Hegoak Running Solidarioa egingo dute.
Juneren Hegoak elkartearen aldeko lasterketa baten irudia.
Elkartasuna. Hori da Juneren Hegoak elkarteak bildu nahi duena ekainaren 16an antolatu duen lehen running solidarioaren bidez. Kirola gustuko duela, eta bere inguruan korrikalari asko dabilela nabarmendu du elkarteak: “Horren harira antolatu dugu Juneren Hegoak Kirol Eguna Errenterian lehenengoz. Horren barruan Juneren Hegoak Lehenengo Running Solidarioa egingo dugu”. Ez da ekintza bakarra izango, eta momentuz gehiago aurreratu ez badute ere, epe laburrean zehaztuko dute ekainaren 16rako prestatu duten egitaraua.
Lasterketa solidarioan bi kategoria izango dira: haurrena, eta helduena. 14 urte arteko partaideak arituko dira lehenengoan eta kilometro bateko lasterketa egin beharko dute. Dortsalik gabe eta antolakuntzak gidatuta egingo dute korrika. Helduek berriz, bi aukera izango dituzte: 5 kilometroko ibilbidea, edota 7,5 kilometrokoa. Horietarako izena ematea zabalik dago herrikrosaren web orrian, eta
7,5 kilometrokoa edo
5 kilometrokoa aukeratu beharko dute parte hartzaileek.
Elkartasuna lortzea da helburua, eta horren harira, lagundu bai baina korrika egin nahi ez dutenek, dortsal solidarioak erosteko aukera daukatela jakinarazi dute antolatzaileek.
Juneren Hegoak Elkartearen helburua Gipuzkoako familientzako laguntza sarea sortzea da. Zehazki haurren gaixotasun, heriotza edo dolu esperientzia bizitzen ari diren familiak laguntzeko. Kirola egiten egun paregabea pasatzeko aukera, baita Juneren Hegoak Elkartea laguntzekoa izango da ekainaren 16an, eta horretan parte hartzera deitu dituzte antolatzaileek herritar guztiak.