Beasainen kontra jokatuko dute, Goierrin; palistek Ordiziaren kontrako itzuliko partidak jokatuko dituzte larunbatean, Madalensoron
Iaz bezala, finalera iritsi nahi dute oiartzuarrek [Argazkia: Gipuzkoako Pilota Federazioa].
Herriartekoan parte hartzeko falta diren pilotari oiartzuarrek ez dute askoz gehiago itxoin behar. Datorren ostiralean, 19:30ean, esku huskako pilotariek Gipuzkoako txapelketako lehenengo partidak jokatuko dituzte. Ohi bezala, modalitate horretako hiru bikotek hartuko dute parte.
Honakoak dira pilotariak: Ekain Sein eta Xabier Aburuza (kadeteak), Oroitz Sein eta Josu Azpirotz (Gazte Maila), eta Jokin Hernández eta Ekain Etxeberria (seniorretan). Oiarpeko pilotariek Beasain izango dute parez pare. Ea, iaz bezala, finalera iristeko aukerarik baduten. (Oiarperen partiden kartelera ikusteko,
sakatu hemen).
Palistek, berriz, itzuliko partidak jokatuko dituzte, Madalensoron. Larunbat goizean hiru partida jokatuko dituzte, 10:30etik aurrera. Lehenengo partida ez da Herriartekoa izango, 22 urtez azpiko txapelketakoa baizik; Txostek Altzatarraren kontra jokatuko du.
Herriartekoan, berriz, abantaila daukate oiartzuarrek. Joaneko partidan partida bana irabazi zuten oiartzuarrek eta ordiziarrek, baina puntua aldea nabarmen handiagoa da Oarsoaldekoen mesedetan. Larruzko paletan 35-32 galdu zuten Antxin Ezkerro eta Orkatz Argotek, baina pala motzean 11-40 irabazi zuten Oinatz Aizpuru eta Jon Irigoienek osatutako bikoteak.