Txomin Perurenaren garaikurretako batzuk, kiroldegian betiko
Txirrindulari ohiak Oiartzungo Udalari bere 158 garaikurrak eman zizkion; horietako batzuk jarri dituzte Elorsoron, ibilbidea ezagutarazteko
Txomin Perurena (Altzibar, 1943) txirrindulari ohia profesionaletan garaipen gehien lortu duen euskal txirrindularia da. Hamahiru urtetan 158 garaipen lortu zituen, gainditzen zaila izango den marka. Duela urte batzuk, Oiartzungo Udalari garaikurrak eman zizkion.
Garaikur horiek ezagutarazteko lanean hasi zen, iaz, udala. Horrela, xanistebanetan erakusketa egin zutela gogorarazi du Jexux Leonet alkateak, eta oso arrakastatsua izan zela, herritar ugari hurbildu baitzen pleno aretora.
Erakusleihoa
158 garaikur (gehi maillotak, argazkiak eta abar) ez direlako ahuntzaren gauerdiko eztula, horien lagin bat jarri dute Elorsoro kiroldegiko sarreran. Perurena bera egon da ekitaldian, eta Leonetek garaikurrak emateko detailea eskertu dio. Erakusleihoa iazko festetan hasi zen omenaldi zikloa ixteko jarri dutela jakinarazi du. “Ez daude garaikur guztiak, toki asko behar dutelako, baina hemen daudenek ongi erakusten dute Txomin zer izan zen. Oiartzunen jaio zen, eta beti eraman izan du Oiartzungo zati txiki hori egon den tokietara. Erreferente bat da”, esan du alkateak.
Perurenaren ibilbidea ezagutzen ez dutenek ezagutzeko aukera izango dutela gaineratu du. Izan ere, ziklista garaian lortutako palmaresa agertzen da. Ekitaldira Perurena ongi ezagutzen duten hainbat lagun hurbildu dira, lagun girora: Lartaun zikloturista elkarteko Bibiano Arbelaitz; Errenteria-Oreretako Laguntasuna txirrindularitza taldeko Alberto Monroy eta Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidente Eduardo Soto. Udaleko Kirol zinegotzi Enekoitz Markos izan da, Leonetekin batera, udalaren ordezkaria.